Euskara eta kulturartekotasuna proiektuaren barruan, gurasoentzako ikastaroak egongo dira
Uemak eta AEK-k elkarlanean 'Etorri euskarara!' egitasmoa jarri dute martxan, Euskara eta kulturartekotasuna proiektuaren barruan. Gurasoentzako euskara ikastaro bereziak izango dira, doan.
Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren barnean dauden ikastetxeetan abiaraziko da Etorri euskara! egitasmoa. Lea-Artibain, Lekeitio, Ondarroa, Etxebarri, Markina-Xemein eta Berriatuko ikastetxeetan eskainiko dira gurasoentzako euskara ikastaro bereziak, doan.
Proiektuak hiru helburu nagusi ditu: euskaraz bizitzen jarraitzea, familia guztiekin komunikazioa bermatzea, eta kulturarteko harremanak eraikitzea. Hala, lehenengo pausoak eman diren arren, Uematik beharrezkoa ikusi da gurasoen integrazio edo hurbilketan fokua jartzea: “Helburua ikasleen integrazioa izanik, ikusten genuen beharrezkoa zela gurasoen integrazioan pausuak ematea. Izan ere, euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoen arteko zubi hizkuntza gaztelania izan ohi da; beraz, horri bueltaka, erabaki genuen AEKrekin batera euskaraz ez dakiten gurasoentzako ikastaro berriak diseinatzea, A0 mailakoak”.
Ikastaroa ahozkotasunean oinarrituta egongo da: “Ahozko gaitasuna landuko da bereziki, eta hezkuntza komunitateari lotutako hitzak ikasiko dituzte ikasleek. Hau da, haurraren heziketa prozesuko gaiak landuko dira, eta eskola atarian beste gurasoekin hitz egiteko oinarrizko hiztegia ezagutuko dute. Horrez gain, ikasle bakoitzak berbalagun bat izango du, eta astean behin gelditu eta euskaraz hitz egingo dute. Berbalaguna ikastetxe berdineko gurasoa izango da”.
Klaseak astean bi aldiz izango dira, umeak ikastetxean dauden bitartean, eta doakoak izango dira, udalerri bakoitzeko udalak finantzatzen baitu proiektua. Markina-Xemeinen eta Etxebarrin oraindik zabalik dago izena emateko aukera eskolako idazkaritzan bertan, barikura arte.