Kickboxingeko K-1 mailako txapelketa egongo da zapatuan Markina-Xemeinen
Sarrerak leihatilan edo Elkar Sports klubean erosi daitezke. Txapelketaren ostean herriko umeek erakustaldia eskainiko dute.
Boxeoa gero eta ezagunagoa egiten ari den bezala, kickboxinga ere ez da atzean geratu. Ezagutzen ez duenak zapatuan [irailak 27] edukiko du horretarako aukera. Izan ere, Markina-Xemeingo Elkar Sports klubak antolatuta, eta Markina-Xemeingo Udalaren eta Euskal Kickboxing Federazioaren laguntzarekin, kickboxingeko K-1 mailako txapelketa ikusi ahalko da Uni frontoian.
Barikuan [irailak 26] pisaketa egingo dute, 19:00etan, Markina-Xemeingo Eder tabernan, eta zapatuan [irailak 27] 17:30ean emango diete hasiera lehiari. Gaur gaurkoz, Elkar Sports klubeko kideek adierazi dutenez, hamabi partaide edukiko ditu txapelketak: “Eskualdeko batzuk parte hartuko dugu, eta baita inguruetakoek ere. Besteak beste, Durangotik, Bilbotik, Gasteiztik, Urdulizetik eta Errioxatik etorriko dira kirolariak. Duela bost urte inguru beste txapelketa bat antolatu genuen, eta helburua beti izan da kirol hau ezagutzera ematea, jendea praktikatzera animatu dadin”.
Txapelketaren ostean, gainera, herriko umeek ere parte hartuko dute: “10 eta 14 urte inguruko umeak dira, eta ezin dutenez borrokatu, erakustaldia eskainiko dute”. Hala, Elkar Sports klubean ikasten ari diren lau markina-xemeindarrek eskainiko dute erakustaldia.
Sarrerak 15 euroren truke erosteko aukera egongo da, egunean bertan frontoiko lehiatilan edo Elkar Sports klubean (Arretxinaga Hiribidea, 11, Markina-Xemein). Bestalde, udalak bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu Markina-Xemeinen erroldatuta daudenentzat; parte hartzeko mezu bat bidali behar da komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera, barikuko [irailak 26] 12:00ak baino lehen.