Ziortza-Bolibarren gimnasioa ipintzeko proiektua, martxan
Ziortza-Bolibarko Udalak martitzenean [irailak 30] egingo du proiektuaren aurkezpena, 18:00etan, udaletxean.
Ziortza-Bolibarko Udalak herriko gimnasioaren proiektua aurkeztuko du datorren martitzenean [irailak 30]. 18:00etan ipini dute hitzordua, udaletxean, eta Ainhoa Odiaga herriko arkitektoak emango ditu azalpenak.
Andoni Lariz alkateak aurreratu duenez, memoria eta aurrekontua 2025ean egingo dituzte, eta gimnasioa 2026an egitea aurreikusten dute. Jakitera eman duenez, gimnasioa udaletxe zaharreko bulegoetan kokatuko dute: “Ez da obra handia izango. Bulego horiek moldatu eta makina egokiak aukeratu behar dira, eta gero, martxan ipini”. Azaldu duenez, gimnasioko sarrera atzeko aldetik izango da: “Errepide aldeko sarrera itxi egingo da gimnasioak toki gehiago edukitzeko”.
Proiektua pentsatzeko prozesua parte-hartzailea izango da: “Arkitektoak lehenengo proposamena egin dezan gimnasioko erabiltzaile diren herritar talde batekin bilkura bat egin da”. Guztira zortzi herritar izan dira bilkuran parte hartu dutenak, eta makinen aukeraketa posible bat eta espazioa zelan antolatu proposatu dute.