50 urteak ospatzeko, egitarau bete-betea
50 urte beteko dira aurten gazte kuadrila batek Arretxinagako jaiak berreskuratu zituenetik. Hala, aurtengoa ospakizun urtea dute auzotarrek, eta San Migel egunaren bueltan lau eguneko jai giroa nagusituko da auzoan. «Publiko guztientzako jaiak» antolatu nahi izan ditu Arrexe Kultur Batzordeak.
Udazkenari ongietorri beroa emango diete markina-xemeindarrek. Urtero bezala, San Migel egunaren bueltan Arretxinagako jaiak ospatuko dituze datozen egunetan, eta Arrexe Kultura Batzordeak egitarau bete-betea prestatu du.
Aurtengoan, gainera, badute zer ospatua. Izan ere, aurten 50 urte beteko dira auzotar talde batek jaiak berreskuratu zituenetik: “Auzoko gazte kuadrila bat elkartu ginen, eta oraindik ere hala jarraitzen dugu. Ahalegin itzela da guretzat jaiak antolatzea”.
Urtero “publiko denentzako jaiak” antolatzen saiatzen dira Arrexeko kideak, eta hala, ospakizunak bihar [irailak 26] gauean hasi eta ez dute etenik izango astelehen gauera arte. Bihar [irailak 26] musikazaleek punta-puntako musika taldeez gozatzeko aukera edukiko dute: Beretter, La Txama, Ezpalak eta DJ Ludok. “Lau taldetik bi, bertokoak dira. Beretterreko abeslaria lekeitiarra da, eta beste bi musikariak, herrikoak, eta DJ Ludok ere, herritarra da”, adierazi dute antoaltzaileek.
Jaia gaueko ordu txikiak arte luzatuko da, eta ostean, Lea-Artibaiko herritarrek Gababus zerbitzua edukiko aukeran; antolatzaileek zerbitzua erabiltzeko deia luzatu dute. Hala, Arretxinagara heltzeko 21:30ean irtengo da autobusa Gizaburuagatik, 21:40an, Mendexatik, eta 21:50ean, Amorototik. Itzulera, ostera, 03:00etan eta 05:00etan egingo dute.
Egun handia zapatuan [irailak 27] ospatuko dute, Xemeindarren egunagaz batera. Zapatua musika eta bazkari artean igarota, domeka XV. Tortilla Txapelketagaz hasiko dute. Urtero bezala, tortillak etxetik eginda eroan beharko dira, eta ostean antolatzaileen esku geratuko dira; 6-8 arrautza, papatak eta tipula (aukeran) erabili beharko dira tortilla egiteko.
Giza probak eta antzezlana
Herri kirolek ere ez dute hutsik egiten Arretxinagako jaietan. Ohitura San Migel egunean egitea den arren, aurten astelehena izango denez antolatzaileek domekara aurreratzea erabaki dute. Hori horrela, hiru taldek giza probetan lehiatuko dute, eta bakoitzak hogei minutuko saioa eskainiko du. “Peña Bizi taldeko kideak herrikoak eta auzokoak dira. Gosolo Elorrioko kuadrila bat da, eta Etxekalte talde mistoa da. Ahalegin handia egin da parekidetasunaren alde; emakumeek ere plazan presentzia izatea nahi genuen”, adierazi dute antoaltzaileek. Euren lana ikusi, eta kinielak egiteko aukera ere egongo da.
Domekagaz amaitzeko goi mailako aktoreak ikusi ahalko dira Arretxinagako oholtzan. Hika Teatroaren Zorretan tragikomedia eskainiko dute Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran aktoreek: “Amatasuna, zaintza eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdoa da. Helduentzako antzezlana da”.
Tradizioa, erdigunera
Jaiei amaiera San Migel egunagaz emango diete astelehenean. Tradiziozko ekintzek ez dute hutsik egingo: Arretxinagako baselizan meza egongo da goizean, eta jarraian Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta aurreskua dantzatuko ditu. Goiza amaitzeko, Folk Rippers taldearen kontzertua egongo da.
Arratsaldean, ostera, umeak izango dira protagonista. Herriko Oier Magoak Delivery ikuskizunagaz liluratuko ditu umeak, eta ostean, Garbitzailearena bertso-antzerkia egongo da; familiei zuzendutako antzezlana da, “umoretik eta jolasetik umeen interakzioa” bilatu nahi duena.
Antzezlanaren ostean, “aspaldian” egin ez duten txokolatada berreskuratu nahi izan dute Arrexeko kideek, eta jaiei amaiera Zerutxu dantza taldearen mahai gainekoagaz emango diete: “Ohiturak 00:00etan egitea markatzen duen arren, astelehena dene ezin izan da ordu horrean egin. Horregatik, 21:00etan izango da”.
Egitaraua.
- Irailak 26.
- 23:00. Kontzertuak: Beretter, La Txama, Ezpalak eta DJ Ludok.
- Irailak 27.
- 10:00. Artibai F.T.-Lekeitio F.T. futbol taldeen partida, Barroetan.
- 13:00. Zker elektrotxaranga.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:00. Zker elektrotxaranga.
- 19:30etik aurrera. Erromeria Zutik taldearekin.
- Irailak 28.
- 11:30. XV. tortilla txapelketa.
- 13:00. The Eclectic Celcitc Band taldea.
- 14:00. Tortilla txapelketako sari banaketa.
- 17:30. Giza proba erakustaldia, probalekuan. Peña Bizi taldea, Gosolo H.K.T. taldea eta Etxekalte taldea. Kinielak egiteko aukera egongo da.
- 20:00. Zorretan antzezlana, HIKA antzerki taldearen eskutik.
- Irailak 29.
- 11:00. Meza nagusia, Arretxinagako baselizan.
- Jarraian. Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta aurreskua dantzatuko ditu.
- Ondoren. Folk Rippers taldea.
- 17:00. Delivery ikuskizuna, Oier Magoaren eskutik.
- Ostean. Garbitzailearena, bertso-antzerkia.
- Amaitzeko. Txokolatada umeentzat.
- 21:00. Zerutxu dantza taldearen mahagainekoa.