17. Lekitto Bixirik: urriaren 25ean eta Palestinaren alde
Amandarri Triatloi talde antolatzaileak herri krosaren data aurreratu behar izan du, baina aldarrikapenek betiko tartea izango dute.

Lekitto Bixirik herri krosak data berria dauka aurten. Normalean azaroaren 1erako antolatu izan du Lekeitioko Amandarri Triatloi taldeak, baina aurten, data berria ez ezik, izen berria dauka: Lekitto Bixirik, Palestina ere. Nagusientzako izen ematea zabalik dago webgunean 12 euroren truke.
Hain zuzen ere, antolatzaileek “mezu berezi bat” egin nahi izan dute Palestinako herriarekiko. “Aurten Lekeitio udan nahiz neguan bixirik nahi dugula aldarrikatziagaz batera, aurtengo egoera larriak bultzatuta, mezu berezia zabaldu nahi izan dugu Palestinarekiko”. Horregatik, aurtengo kamisetek ikurrina izateaz gain, Palestinako bandera ere izango dute eta haiekiko aldarrikapenak etangabeak izango direla aurreratu dute.
Egun aldaketari dagokionez, Amandarritik azaldu dutenez, hainbat faktore sartu dira jokoan. Hasteko, Lekeitiok aurten 700 urte betetzen ditu eta urte osoan hainbat ekintza antolatu badituzte ere, azaroaren 3an da hiribilduaren urtebetetzea eta asteburu horretarako zenbait ekimen berezi antolatu nahi dituzte herriko plazan. Horregatik, aurten data aldatu behar izan dute.
Era berean, hasiera batean, urriaren 26an jarri nahi izan zuten, baina domeka horretan ere Elantxobe eta Lekeitio arteko itsas trabesia dago eta udalean materiala eskatuta zeukaten. Horrenbestez, azkenean, urriaren 25ean egingo dute Lekitto Bixirik herri krosa. “Domekan jarri genuen hasiera batean zapatuetan normalean umeek eskola kiroleko jarduera gehiago izaten dituztelako, baina ikusiko dugu zelango erantzuna dagoen kontuan hartuta aurtengoa salbuespena dela”.
Betikoa
Horregatik, kontuan hartuta antolaketarako denbora gutxiago dutela, ohiko formatuari eutsiko diote. Lau multzotan banatu dute lasterketa. 11:00etan Haur Hezkuntzakoen txanda da; 300 metro egingo dituzte korrika, portuan zehar. Jarraian, 11:15ean, Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. mailakoak irtengo dira, eta 500 metro egingo dituzte toki berean. Atzetik, 11:30ean, Lehen Hezkuntzkao gainontzekoen txanda izango da; horiek 800 metro egingo dituzte korrika. DBH 1etik aurrerako denak, aldiz, 12:30ean irtengo dira, eta 5,5 kilometroko ohiko ibilbidea egingo dute. Amaieran, jan-edana ez da faltako txosna jarriko baitute guztientzako.