100 lagunetik gora elkartu dira Xemeindarren Eguneko bazkarian
San Migel jaiak ari dira ospatzen Arretxinagan. Atzo [irailak 26] ordu txikiak arte martxan egon ostean, gaur [irailak 27], jaiak berreskuratu zirenetik 50 urte bete direla ospatzeagaz batera, Xemeindarren Eguna ari dira ospatzen auzotarrak.

Ospakizun giro bero-beroan elkartu dira gaur Markina-Xemeindarrak, izan ere, Arretxinagako San Migel jaiak ospatuko dituzte astelehena bitarte, Arrexe Kultur Batzordaren eskutik. “Publiko guztientzako jaiak” antolatu nahi izan dituzte, eta horren erakusgarri izan da gaur [irailak 27] egin duten bazkari herrikoia; 100 lagunetik gora elkartu dira.
Atzo [irailak 26] ere, bertoko, inguruko nahiz urrunagoko jende ugari elkartu zen Arretxinagan, Beretter, La txama, Ezpalak eta DJ Ludok-en musikaz gozatzeko. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen arren, gaur auzotarrek ez dute hutsik egin. Xemeindarren Eguna ari dira ospatzen, eta ez gainera, edonolakoa. Izan ere, 50 urte bete dira aurten auzoko gazte talde batek jaiak berreskuratu zituenetik: “Auzoko gazte kuadrilla bat elkartu ginen, eta oraindik ere hala jarraitzen dugu. Ahalegin itzela da guretzat jaiak antolatzea”.
Hala, Artibai F.T. eta Lekeitio F.T. futbol taldeen partidagaz hasi dute goiza, Barroeta futbol zelaian. 13:00etan, ostera, gaur musikagaz eguna girotzeko ardura daukan Zker elektrotxarangaren txanda izan da. 14:30ean bazkaldu, eta berriro ere elektrotxarangagaz gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Egunari amaiera Zutik taldearen erromeriagaz emango diete.
Bihar eta astelehenean ere jaiak aurrera jarraituko du. Besteren artean, bihar [irailak 28] XV. Tortilla Txapelketa, giza proba erakustaldia eta Hika antzerki taldearen Zorretan antzezlana egongo dira. Etzi [irailak 29], ostera, San Migel eguna ospatuko dute.





















