Indarrak batuta, Haszten elkartearen alde
Herri Eguna ari dira ospatzen Lekeition. Herriko elkarte, talde nahiz eragileek euren postuak ipini dituzte plazan, eta hainbat ekintza antolatu dituzte ume nahiz nagusientzat; postuetan lortutako dirua Haszten elkartearentzat izango da.

Lekeitioko plaza eta inguruak jendez bete dira gaur [irailak 27] Herri Eguna ospatzeko asmoz. Elkartasuna eta auzolana ari dira izaten gaurko protagonista nagusiak, izan ere, herriko talde, elkarte nahiz eragileak indarrak batu dituzte Haszten elkartearentzat dirua biltzeko asmoz. Hala, denek helburu bera buruan, giro ederrean elkartu dira herritarrak.
Guztira 40 eragile inguru izan dira kaleak hartu dituztenak, eta adin guztietako herritarrek eduki dute egitekoa: umeentzako jolasak, lehiaketak, tailerrak eta beste hamaika izan dira egiteko eduki dituztenak. I. Tortilla Txapelketa ere egin dute; guztira 11 parte hartzaile eduki ditu eta Enpapatxa taldeak irabazi du lehia, 28 puntugaz. Bigarren eta hirugarren postuetan, ostera, berdinketa egon da: 25na puntu lortu dituzte Adarrak eta Lagun barriak taldeek.
Postuen artean ez dute hutsik egin herriko kirol taldeek, eta bertan egon dira, besteak beste, Amandarri, Isuntza, Tximista eta Garraitzeko kideak. Kultur taldeek ere presentzia nabarmena eduki dute plazan: joaldunak, erraldoiak, eskulanak, marrazkiak, argazkiak eta beste hamaika sormen lan nahiz jardueragaz gozatzeko aukera egon da. Lekitto Bedarra ere bertan izan da euren ortuko kalabazaren pisua nork asmatuko jokoan jartzen. Zinemazaleek, ostera, trivial txapelketa egin dute, eta ikastetxeek, hainbat jolas prestatu dituzte ume nahiz gaztetxoentzat.
Txosna solidarioa ere antolatu dute herritarrek, eta hamaika izan dira bertan lanean aritu direnak nahiz jan-edanera bertara gerturatu direnak; tortilla txapelketan parte hartu dutenek, gainera, lehia amaitu ostean tortillak prestatu dituzte txosnarako.
Hala, goizaren balorazio ona egin dute antolatzaileek: “Jende ugari ibili da goizean, eta oraindik ere espero dugu gehiago etortzea. Heritarrek aldetik askok parte hartu dute, bai talde moduan eta baita parte hartzen ere. Herriak elkartasuna erakutsi du Hasztenen alde, eta pozik gaude”.
Arratsaldean ere, giro aparta egotea espero dute antolatzaileek. 18:00etan buruhandi eta erraldoien kalejira egongo da, eta 19:00etan, Gu eta Gitarrak taldea, portuan. Aldi berean txokolatada egingo dute plazan, eta ostean euskal dantzak egongo dira. 19:30ean Aittitta Makurraren txaranga (herrian zehar) eta Saltzajira (Eskolapean )egongo dira. Egunari amaiera suzko zezenagaz emango diete, 20:30ean, plazan.









































































