Artiatx eta Muniozguren, garaile
Xuban Muniozguren markina-xemeindarrak 15 minutu eta 22 segundo behar izan zituen 2,6 kilometro eta 420 metroko desnibeldun ibilbidea egiteko. Maialen Artiatxek, emakume azkarrenak, 19 minutu eta 46 segundotan amaitu zituen lanak.

Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Gazte Asanbladak antolatutako Tontorramendiko XII. Igoera lehiatu zuten zapatuan, Ondarroan. Gaztetxetik atera zen lasterketak aurreko urteetako parte hartze berdintsua eduki du, eta guztira 42 izan ziren Igoera Herrikoien Ligarako puntuagarria zen 2,6 kilometro eta 420 metroko ibilbidea osatzeko gai.
Xuban Muniozguren markina-xemeindarra izan zen azkarrena, 15 minutu eta 22 segundoko denboragaz. Ibon Badiola ondarrutarrak (15:22) eta Hasier Murua elgoibartarrak osatu zuten podiuma. Emakumeei dagokienez, Maialen Artiatx elorriarrak 19 minutu eta 46 segundotan bukatu zituen lanak, Iraia Beristain (22:54) eta Irati Casais (23:47) ondarrutarren aurretik.
Lasterketa bukatuta, Aitor Zubikarai, Alexander Idoeta eta Beñat Ugartetxea bertsolariak girotutako bazkarian batu ziren gaztetxean.