Kirol portuetako amarralekuen araudia berritzeko prozesu parte hartzailea abiatuko dute
Eusko Jaurlaritzak amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko kontsezioen araubidea arautzen duen agindua berrikusi eta eguneratu nahi du eta horretarako, interes taldeekin batuko dira. Bizkaiko erabiltzaileekin urriaren 11 eta 25ean egingo dituzte bilerak eta Gipuzkoakoekin, urriaren 4ean eta 18an.
Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakunde publikoak Eusko Jaurlaritzak berrikusi eta eguneratu nahi duen 2017ko urriaren 19ko Aginduari buruzko entzute prozesu parte-hartzailea abiatuko du urrian. Laketontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko kontsezioen araubidea arautzen duen agindua izanik, EKPren helburua “interes taldeei entzutea” dela zehaztu dute, hau da, kirol portuetako amarralekuen erabiltzaileei eta amarralekua lortzeko itxaron-zerrendetan daudenei.
Bilerak urriko zapatuetan gauzatuko dituzte; Bizkaiko erabiltzaileekin urriaren 11n eta 25ean bilduko dira, Gernikako Elkartegian, eta Gipuzkoako erabiltzaileekin, berriz, urriaren 4ean eta 18an , Orioko Arraun Etxean. Aurreratu dutenez, prozesua enpresa ditu batek dinamizatuko du, metodologia parte hartzaileen bidez. Azaroan, berriz, itxaron zerrendetan dauden erabiltzaileen txanda izango da (datak zehazteke daude).
Besteak beste Mutriku, Ondarroa eta Lekeitioko kirol portuak kudeatu eta ustiatzearen ardura duen erakundeak interes taldeen “ikuspegiak, beharrak eta proposamenak” bildu gura ditu Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari bidaltzeko. Portuetako agintarien esanetan, entzute prozesuak “erabaki inklusiboago, oinarrituago eta legitimoagoak” hartzeko aukera emango du: “Herritarren parte hartzea funtsezkoa da portuen kudeaketa eta araudiaren eguneratzea errealitateari hobeto egokitzeko”.
Espazio eta baliabide “mugatuak”.
EKPtik zehaztu dutenez, Jaurlaritzak kudeatzen dituen kirol portuen amarraleku kopurua “mugatua” da, gutxi gorbehera 4.000 amarraleku ingurukoa. Eskaera, berriz, “askoz handiagoa” dela aitortu dute, itxaron zerrendetan 2.100 eskaera baino gehiago baitaude: “Desoreka horrek argi uzten du espazioak eta baliabideak mugatuak direla, eta horrek kudeaketarako erronka garrantzitsua dakarrela”.
Hala, araudiaren berrikuspenean eskaeria eta eskaintza “modu orekatuan eta bidezkoan” jasotzeko ikuspegiak biltzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute: “Jaurlaritzak argi du herritarren eta eragileen parte-hartzea funtsezkoa dela irtenbideak adosteko, gardentasuna bermatzeko eta portuen erabilera ahalik eta justuena egiteko”.