Leire Bilbao ondarrutarrak Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala irabazi du
'Kleira' albumagaz irabazi du Bilbaok Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala. Epaimahiak lanaren "edertasun poetikoa" goraipatu du. Egileak 30.000 euro jasoko ditu.

Leire Bilbao ondarrutarrak irabazi du Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala, Kleira albumarekin. Epaimahaiak lanaren “edertasun poetikoa” goraipatu du, eta “diziplinen arteko eta etiketarik gabeko” literaturaren adibidetzat jo du. Hala, Leire Bilbaok 30.000 euro jasoko ditu irabazitako sariaren ordainetan.
Elkar Argitaletxeak argitaratu zuen lana iaz, eta June San Sebastian ilustratzailearen irudiez gain, dantzak eta musikak ere protagonismoa daukate albumean. Izan ere, Jon Maiak, Kukai dantza taldeak eta Maite Larburuk ere osatu dute proiektua.
“Kulturaren, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoa inplizituko agertzen du egileak, eta gatazka, gerra, heriotza eta horien gisako gai gordinak haurrek ulertzeko moduan azaltzen ditu”, adierazi du ohar bidez Espainiako Kultura Ministerioak. Horrez gain, “giza naturaren sakoneraino” jotzen duen “pieza delikatua eta ezinbestekoa” dela ere azpimarratu du.
Leire Bilbao Barruetabeña haur eta gazte literaturako idazlea izateaz gain, poeta ere bada, eta bi alorretako liburu “esanguratsuak” argitaratu ditu. 2006an argitaratu zituen lehen bi liburuak: Ezkatak poema liburua, eta Amonak nobio du, eta zer? haurrei zuzendutako liburua. Ordutik, ibilbide luzea dauka bizkar gainean Bilbaok.
Haur eta Gazte literaturan zenbat lan argitaratu ditu; besteak beste, Markel Gelazikin (2007), Garazi Gerezi (2009), Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska (2010), Oihana hirian (2011), Euli bat bihotzean (2013), Gerrak ez du izenik (2013), Doministripu jauna (2014), eta azken urteetakoak Itzal itzela (2022) eta Zerua lapurtu dute (2024). Gainera, aipatutako lanengatik sariak ere jaso ditu Blbaok; adibidez, Etxepare saria 2013an Gerrak ez du izenik lanagatik, Lizardi sariak 2016an Pikondoen hotsak lanagatik edota Euskadi saria 2019an eta 2022an Xomorropoemak eta beste piztia batzuk eta Barruko hotsak lanengatik.
Poesia lanak. Ezkatak lana plazaratu zuen 2006an Leire Bilbaok, eta 2011n, Scanner. 2021ean Lauaxeta Saria irabazi zuen Etxeko Urak poema liburuarekin, eta 2022an, Rosalia de Castro saria jaso zuen.