Udazken giroan ospatu dituzte San Migel jaiak
Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan barikuan [irailak 26] hasi zituzten jaiak, eta gaur [irailak 29] gauean amaituko dituzte. Amoroton, ostera, asteburuan egin dituzte ospakizunak.

Udazken giro epela izan dute lagun aurten San Migel jaiek. Markina-Xemeingo Arretxinagako auzotarrak barikutik [irailak 26] jai giro bete-betean murgilduta daude, eta gaur [irailak 29] emango diete amaiera jaiei. Amoroton, ostera, zapatua eta domeka [irailak 27 eta 28] izan dituzte ospakizun egunak.
Arretxinagako San Migel jaietan giro berezia egon da aurten, izan ere, 50 urte bete dira auzoko gazte talde batek jaiak berreskuratu zituenetik. Lau eguneko jardunaren ostean, gaur [irailak 29] tradizioz beteta emango diete amaiera jaiei.
11:00etako mezaren ostean herritarrek nahiz inguruko herrietatik bertaratutakoek Arretxinagako ermita ingurua goraino bete dute Zerutxuren Xemeingo ezpata-dantza eta aurreskua ikusteko. Ikusleek txalo artean jaso dituzte dantzariak, eta Arrexe Kultura Batzordeko kideak pozik agertu dira San Migel eguna izaten ari den erantzunagaz: “Jende pila bat egoten da beti San Migel egunean, eta poztu egiten gaitu horrek. Gainera, ez daude bakarrik herritarrak; inguruko herrietako jendea ere badabil auzoan”.
Arratsaldean, ostera, umeak izango dira protagonista. Oier Jurado herriko magoak Delivery ikuskizuna eskainiko du, eta ostean Garbitzailearena bertso antzerkia egongo da. Umeek txokolatadagaz gozatzeko aukera edukiko dute, eta 21:00etan Zerutxuk emango die amaiera jaiei, mahaigainekoagaz.
Asteburua, goi-goitik. Atzo [irailak 28] ere, jende asko ibili zen Arretxinaga inguruan. Goiza XV. Tortilla Txapelketagaz hasi zuten: 20 partaidetik gora eduki zituen, eta Amaia Aurrekoetxearen tortilla izan zen ederrena. Hala, Hemen Be Bai merkatari elkartearen eskutik 70 euroko bonu bat eskuratu zuen, elkarteko komertzioetan gastatzeko. Eguerdian, ostera, The Eclectic Celtic Band taldearen kontzertuagaz gozatu zuten: “Musika zeltikoa jotzen dute. Ahalegintzen gara talde desberdinak ekartzen, eta sekulako giroa ipini zuten”.Â
Herri kirolak San Migel egunean egin ohi dituzten arren, aurten bezperan egitea erabaki zuten antolatzaileek. Aldaketa, gainera, arrakastatsua izan da: “Sekulako jende mordoa elkartu zen giza probak ikusteko. Giro itzela egon zen, eta lehia estua eduki zuten partaideek. Izan ere, 46 untza egin zituzten Peña Bizi bertoko taldeak eta Gosolo Elorrioko taldeak, baina irteten lehena Peña Bizi izan zenez, eurek irabazi zuten”. Etxekalte taldeak hartu zuen parte beste bi taldeekin batera, eta antolatzaileek adierazi dute hiru taldeak “oso ondo” aritu zirela: “Giro ederra egon zen plazan”. Herri kirolen ostean Hika antzerki taldearen Zorretan antzezlana ikusteko aukera egon zen, eta hor ere, jende ugari elkartu zen: “Sekulako obra da. Oso polita eta hunkigarria izan zen”.
Zapatuan [irailak 27] Xemeindarren Eguna ospatuta, barikua parrandazaleen eguna izan zen. Izan ere, goizeko bostak arte luzatu zen jaia: “Lau talde oso desberdin ekarri ditugu aurten, Beretter, Ezpalak, La Txama eta DJ Ludok. Publikoa oso desberdina izan zen kontzertu batetik bestera, baina denetan giro oso ona egon zen”.
Hala, Arrexe Kultura Batzordeko kideek jaiaren balorazio ona egin dute: “Arazorik ez da egon jaietan, eta giro aldetik oso ondo joan dira, bikain. Gustura geratu gara aurtengo jaiekin”.
Amoroton, bertso artean. Amorotarrek ere festa giroa eduki dute asteburuan. Atzo [irailak 28] meza eduki zuten San Migel ermitan, eta ostean mokadutxoa egin zuten. Zapatuan [irailak 27], ostera, bertso jaialdia egin zuten frontoian: “Oso-oso ondo joan zen. Bertsolariak gustura aritu ziren, eta entzuleak ere bai. Guztira 110 lagun inguru etorri ziren; beldur apur bat geneukan, ze, Lekeition Herri Eguna antolatu zuten eta Elgoibarren rallya zegoen. Inguruko asko agian etorriko liratekeenak beste plan batzuk egin zituzten, baina frontoia hala ere nahikoa bete zen. Polito joan zen, eta giro ederra egon zen”.Â































































































































