Etxeko txapelketan, bost konbate irabazita
Elkar Sports klubak antolatuta, kickboxingeko K-1 mailako hamabi konbate ikusteko aukera egon da Markina-Xemeinen. Hamabi horietatik zortzi konbatetan parte hartu du Markina-Xemeingo klubak, eta bost irabazi ditu.
Partaideak konbateekin hasi aurretik.Elkar Sports Joan den zapatuan [irailak 27] kickboxingeko K-1 mailako txapelketa jokatu zuten hainbat kirolarik Markina-Xemeingo Uni frontoian. Herriko Elkar Sports klubak antolatuta zuen txapelketa, Markina-Xemeingo Udalaren eta Euskal Kickboxing Federazioaren laguntzagaz, eta egunaren balorazio ona egin dute: “Jende asko egon zen eta giro ederra ipini zuten frontoian. Bilbon beste txapelketa bat zegoenez jendea sakabanatu egin zen, baina hala ere, 300 pertsonatik gora elkartu ginen frontoian”.
Guztira hamabi borroka ikusteko aukera egon zen, eta horren ostean, Elkar Sports klubeko umeek erakustaldia eskaini zuten. Borrokei dagokienez, “ondo” joan zirela adierazi dute antolatzaileek: “Konbate politak izan ziren, eta guk hamabi konbatetik zortzitan parte hartu eta bost irabazi genituen. Denek ondo lehiatu zuten. Teresa Baskaran etxebarritarrak, esaterako, K.O. egin zion aurkariari lehenengo asaltoan. Arabat anaiek ere oso ondo lehiatu zuten, eta biek irabazi zuten”. Peio Mugirak eta Mohamedek ere konbateak irabazi zituzten. Guillermo Jose Vargas amorotarrak, ostera, konbatea gelditu behar izan zuen osasun arazoengatik, eta Imanol Goitia eta Xabi Mendieta lekeitiarrek konbateak galdu zituzten.
Irabazi ala galdu, antolatzaileek adierazi dute “egun ederra” igaro zutela, eta berriro ere halako txapelketa bat antolatzeko gogoz daudela: “Oso pozik gaude egunarekin, atzera ere egiteko gogoz gaude. Egunaren balorazio ona egin dugu, oso gustura geratu gara. Hobetzekoak ere badaude, noski, baina orokorrean ondo joan zen dena”.