Heldu, lehiatu, irabazi, errepikatu
Jule Arkotxak eta Zuberoa Egurrolak Euskotren Liga eta Kontxa irabazi dituzte, Arraun Lagunak taldeagaz lehiatu duten estreinako denboraldian. Lekeitiarra eta elantxobetarra donostiar eskifaiaren funtsezko osagai izan dira hitzordu nagusietan.

Badira ozeano berera itsasoratzen diren errekak. Bizitza osoan elkar bilatu, eta azkenean pareko helmuga topatzen dutenak. Ur handitan elkarregaz parez pare arraun egiten dutenak. Zuberoa Egurrola elantxobetarrak eta Jule Arkotxa lekeitiarrak herriko klubetan eman zituzten beraien lehen arraunkadak. Patuak Hondarribian elkartu zituen. Beraien mailaren haizeak, berriz, Arraun Lagunak taldean ziaboga egiteraino gidatu zituen. Pareko korrontea, helmuga berbera.
Donostiarren koloreak defendatu dituzten lehen denboraldian oinarrizko pieza izan dira gazte biak: estropada ia denetan titular arituz, urteko helburu gorenak, Euskotren Liga eta Kontxa, irabazi dituzte. Denboraldiaren balorazioaz galdetuta, biek ala biek irudipen bera dute: “Ahaztezina izan da”. Neguan egindako “lan izugarriaren fruitua” dira uda sasoiko emaitzak. Zutabe fisiko egokiagaz, Arraun Lagunak nagusi izan da estropada gehienen fase orotan: irteeretan, arraunketan eta azken metroetan. Arkotxak neguko lanera moldatzea “gaitza” izan zela dio. Pareko moldez mintzo da Egurrola: “Fisikoki izugarri hazi naiz aurten, baina horrek egundoko beharra suposatu dit, eta horretan nabil oraindik”.
Getxoko edo Hondarribiko estropada “paregabeak” orduko, denboraldi hasieran, arraunlari biak “jadanik eratua zegoen” lantaldera egokitu egin behar izan ziren. “Harrezkero egituratua zegoen lanerako modu batera ohitu behar izan ginen, baina denetarako ateak zabalik genituela jakinda. Izan ere, Juan Mari Etxabe entrenatzaileak estropadaz estropada osatzen du eskifaia eta, beraz, uneoro sasoiko egon beharra dugu, hamalaukoan sartzeko”.
Jule Arkotxa: “Nire bihotza beti Isuntzan egongo da, egungo helburuak Arraun Lagunak-en egonik ere”
Euskotren Ligako talderik boteretsuenean, garaipen doinuekin ez ezik, presioaren melodiapean ere arraun egin behar da. Biek ondo dakite hori. Presioa izan daiteke nork bere buruari jarria, edo lehiaketak berak garraio dakarrena, baita arraun munduak ezarria ere. “Urte osoan entzun behar izan dugu itsasoan traineru ahulagoa garela, eta aurten zurrumurru hori erabat okerra dela frogatu dugu. Nolatan liteke ahula izatea, baina liga nahiz Kontxa irabaztea?”, dio Egurrolak. “Goi mailako arraunean, ez dago aurkari ahulik”, erantzun Arkotxak.
Behetik gorako korrontean.
Arraun ondare errotuko herrietan hezi dira Egurrola eta Arkotxa. Elantxobe eta Isuntza arraun elkarteak izan dituzte, hurrenez hurren, sehaska eta haztegi. Argi dute beraien portuak zeintzuk diren “ahaztu barik” lehiatzen dutela. “Nire bihotza beti Isuntzan egongo da, egungo helburuak Arraun Lagunak-en egonik ere”, argi du lekeitiarrak. Hondarribian, ETEtik Euskotren Ligara jauzia egitea zer zen ikasi zuen eta, han denboraldi bi eginda, aurtengoaren hasieran bere ibilbidean “beste kalitate jauzi bat” egitera ausartu zen.
Zuberoa Egurrola: “Arraun Lagunak-en, hobetzeko eta gozatzeko ez ezik, irabazteko entrenatzea zer den ezagutu dut”
Egurrolari dagokionez, etxekoa “den-dena eman dion kluba” izango da beti: “Arraunaren zutabeak Elantxoben ikasi ditut, nire ibilbidea ezin uler daiteke, nondik natorren aintzat hartu barik”. Haizeak Deusturako bidea erakutsi zion ondoren: “Bertan ikasi nuen benetako lehia zer zen; bai arraunlari, bai patroi modura ibiltzeak talde baten kide izatearen konpromisoa irakatsi zidan”. Hondarribian bistaratu zuen bere proiekzioa ez zela kasualitate hutsala, eta orduantxe erreparatu zuen beragan Arraun Lagunak-ek: “Eta hemen ikasi dut benetan gogor lan egitea zer den. Hobetzeko eta gozatzeko ez ezik, irabazteko entrenatzea zer den ezagutu dut. Oinarri ona edukiz eta hura landuz gero, Arraun Lagunak da fisikoki hazteko talderik egokiena“.
Ez dago arerio txikirik. Sasoi hasieran Orio hurretik jagon arren, azkenean Tolosaldea izan zen izerdi gehien botatzera behartu zituen lehiakidea. Berba bitan: zenbat olatu, hainbat aurkari. “Urte hasieran, Oriori segundo zein ehunen oso gutxi urratzen genizkion; udak aurrera egin ahala, Tolosaldeak koska bat gora egin zuen. Hori guztia Zumaia edota Hibaika ahaztu gabe”, dio elantxobetarrak.
Jule Arkotxa: “Kontxako bigarren jardunaldian, hamar segundoko koltxoia eduki arren, zerotik hasi ginen, eta geure indarguneetako bat, irteera, aprobetxatu genuen”
Denbora behar izan dute Kontxan bizitakoak asimilatzeko. Asko zegoen jokoan, asko sakrifikatu zuten bidean, asko jaso ordainetan. Ligako liderrak ez du sailkapen estropadarik egin behar izan aurten; Donostiako taberna batetik aztertu zituzten aurkariak, zelan ez, entrenatzera joan orduko. Lehen jardunaldian hamar segundoko “koltxoia” lortu zuten, baina ez zen nahikoa izan bigarrena lasai lehiatzeko, Arkotxaren arabera: “Zerotik hasi ginen, eta geure indarguneetako bat, irteera, aprobetxatu genuen. Ziabogarainoko sufrimenduari eutsita, itzulerako lanetan helburua argiago ikusi genuen”.

Arraun Lagunak-en eskifaia, Kontxako Bandera irabazi altxatuz
Tentsio handiz bizi izan zuen Egurrolak urteko hitzordu nagusia, foku mediatikoa erakartzen eta arraunlariak muturrera eroaten dituena: “Zapatuko entrenamendutik domekako estropada ostera arte, negar batean eman nuen asteburua. Akorduan dudan astebururik hunkigarriena izan zen. Lehen jardunaldian, itsas baldintza bareagaz, gure indargune fisikoa baliatu genuen. Bigarrenari begira, itsaso handia aurreikusita zegoen, eta etengabe entzun behar izan genuen guk ez genekiela egoera hartan lehiakor aritzen. Arraun munduari frogatu genion hori ez dela egia: lehen segundotik azkenengora arte nagusitasuna erakutsi genuen”.
Zuberoa Egurrola: “Beti sinistu dugu Joana Alzuetengan, iritzi publikoa hari min egiten saiatu arren. Urte osoan ziaboga bakar bat txarto egiteagatik egurtu egin dute”
Goi mailako kirolaren presio publikoa basatia da; are basatiagoa, emakumezko kirolarien kasuan. Hori ondo daki aurten denboraldi biribila egin duen Joana Halzuet Arraun Lagunak-en patroi baionarrak. Kontxako patroirik onenaren saria jaso izana ez da kasualitatea. Edozelan ere, bere ontziburutza ez dute ezbaian jarri arraunlari biek: “Beti sinistu dugu Joanagan, iritzi publikoa hari min egiten saiatu arren. Urte osoan ziaboga bakar bat txarto egiteagatik egurtu egin dute”.
Bakarrik egiterik ez.
Bakarrik ezin da. Bakarrik egiterik ez dago. Elantxobetar eta lekeitiar bikoteak, taldekideek eraikitako “familia handiaz” harago, etxekoen erabateko babesa jaso dute. Arraun Lagunak ehunen batzuen aldeagaz gailendu zen Lekeitioko XIV. Banderan, eta herrikoen aurrean bertakoak “ez diren koloreak soinean” arraun egitea “arraroa” izan zen Arkotxarentzat: “Hori bai, herritarrek maitasun handia eman zidaten. Gainera, nire lehengusu Beñat Robles Lekittarra-ren lantaldean dago; familiak ordezkaritza zabala du, beraz”. Egurrolak ere ez du bat-batean ahaztuko Kontxako arrapalan bere gurasoak topatu zituenekoa: “Negar batean elkar besarkatu genuen. Arraunaren oinarrizko lezioak etxean jaso nituen, eta haientzat ere handia izan zen beren alaba arraunean lor litekeen estropadarik handiena irabazten ikustea”. Bakarrik ezin da. Bakarrik egiterik ez dago.
Hurrengo denboraldia ere aurtengoaren parekoa, “9,8ko notaduna” izatea bilatuko dute. Jakina baita kirolean beti dagoela hobekuntzarako zirrikituren bat. Biek toki berean segitzeko asmoa dute, arraunlari modura “hazten” jarraitzeko. Goi mailan egonkortzeko denboraldia zain dute. Egurrola eta Arkotxa arraunak egin ditu lagun, eta olaturik handienari aurre egiteko prest daude. Erriatu dute txikota, zortea poparean dute, eta garaipenak brankan. Artean, lana dute ortzi-mugan, ilusioa eta egiten duena maite duenari darion maitasun hatsa. Nabigazio kartak argi dio: heldu, lehiatu, irabazi, errepikatu.