Joaquin Dopazok irabazi du 22. Burdinola Saria
Epaimahaiak aurkeztutako lan guztien "kalitate ona" nabarmendu du. Sari banaketa urrian egingo dute, Sevillan.

Joaquin Dopazo Blazquez ikertzaileak irabazi du Burdinolaren 22. Ikerketa Saria, adimen artifiziala eta biologia konputazioanal minbiziaren ikerketan aplikatuta arloan egindako lanarengatik. Izan ere, aurtengo sariketagaz eremu horretako lanik onenak egin dituzten ikertzaileak sarti nahi izan dituzte. Hala, epaimahaiak Dopako doktoreak egindako ibilbidea nabarmendu du.
30 urte baino gehiagoko esperientzia du Dopazo ikertzaileak datuen zientzian, eta gaur egun hainbat arlotan liderra ere bada. Gaur egun, Progreso y Salud fundazioaren Medikuntza Konputazionaleko Plataformaren zuzendaria, Sevillako Biomedikuntza Institutuko ikertzaile arduraduna eta CIBERER erakundeko talde-burua da, beste kargu batzuen artean. Era berean, 350 artikulu zientifikotik gora argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, eta bere lana medikuntza pertsonalizatuaren garapenean funtsezkoa izan da.
Burdinola konpainiak 1994an sortu zuen sari hau, komunitate zientifikoaren lana balioan jarri eta ikerketa sustatzeko asmoz. Aurtengo epaimahaiburu Joseba Pineda,UPV/EHUko Osasuneko ordezkaria izan da, eta idazkari lanak Alfonso Hernándezek bete ditu, Euskoiker Fundazioko zuzendari gisa. Bi euskal ordezkari horiez gain, epaimahaian parte hartu dute Ana Conesa (CSIC-I2SysBio, Valentzia), Eduardo Andrés (CSIC-IPBLN, Granada), Javier Meana (UPV/EHUko Farmakologiako katedraduna), Manel Esteller (Josep Carreras Minbiziaren Ikerketa Institutua, Badalona) eta Lander Ugartek (Burdinolako zuzendari komertziala, ahotsarekin baina boto eskubiderik gabe).
Aurtengoan, epaimahaiak Dopazoren lana nabarmentzeagaz batera, aurkeztutako lan guztien kalitate ona nabarmendu nahi izan du. Dopazoren lanari dagokionez, haren izaera aitzindariagatik, ikerketa emaitzak osasun sistemara eroateko duen gaitasunagatik eta ikertzaile gazteen prestakuntzan izan duen eraginagatik saritu dute.
Sari banaketa urrian egingo dute, Sevillan; ekitaldiaren inguruko informazioa aurrerago argitaratuko dute.