Lea Ibarrako Berdintasun Kontseilu herritarra aurkeztuko dute barikuan, Gizaburuagan
Barikuan [urriak 3] Lea Ibarrako berdintasun kontseilua aurkeztuko dute Gizaburuagan, 19:00etan. Ondoren, 'Kilimaterio' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.
Lea Ibarrako berdintasun politikei bultzada ematea helburu, Lea Ibarrako Berdintasun Kontseilu herritarra sortu dute martxotik irailera bitarteko prozesu parte hartzaile baten bitartez, Elhuyarren laguntzagaz. Hala, barikuan [urriak 3] aurkeztuko dute proiektua eta hona heltzeko egindako bidea Gizaburuagako aretoan, 19:00etan.
“Kontseilua parte hartze prozesu baten bidez sortu den organo berria da, non herritarrek protagonismoa eta lidergoa izan duten. Azken hilabeteetan Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarreko herritarrek Mankomunitateko berdintasun politikei bultzada emango dien egitura honen inguruko gogoeta egin dute, zer helburu eta funtzio bete beharko lituzkeen pentsatuz”, adierazi dute Lea Ibarrako Mankomunitatetik.
Proiektuaren sorrerak Mankomunitateak berdintasunarekiko duen konpromisoa erakusteaz gain, Lea Ibarrako herritarrek duten motibazio eta konpromisoaren erakusle da, “herritarrak direlako prozesuaren bultzatzaile eta protagonista nagusiak”.
Beraz, barikuan proiektuaren eta prozesuaren aurkezpena egingo dute Gizaburuagan, eta ondoren, Kilimaterio ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek, “topaketa hau borobildu eta goxatuko duen eskaintza kulturala izango da”. Hala, Kaitin Allenderen bakarrizketak eta Oihana Perea eta Irati Anda bertsolarien hitzek emango diote amaiera aurkezpenari. “Lea ibarrako herrietako zein inguruko herrietako biztanleak ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, urrats hau gurekin partekatuz eta ikuskizunaz gozatuz”.