Martxan da Mendexako udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa
Gaurtik [urriak 1] urriaren 30era aurkezu ahalko dira lanak. Irabazlea abenduaren 25ean jakinaraziko dute, eta 100 euro irabaziko ditu.

Mendexako Udalak eta Leixarra Elkarteak udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu dute, eta urtero bezala, herriko paisaiak eta herritarrak izango ditu protagonista. Izan ere, lehiaketaren gaia Mendexa eta mendexarrak izango da.
Argazkilari ez profesional guztiek dute parte hartzeko aukera. Baldintza bakarra ipini dute: aurkeztutako lanak aurretik argitaratu gabeak izan beharko dira. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahalko ditu eta argazkiok horizontalean eginak izan behar dute.
Argazkiak posta elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, helbide honetara bidalita: leixarraelkartea@gmail.com. Bidalketan, argazki bakoitzaren izenburua zehaztu beharko da, baita argazkia non ateratakoa den ere. Era berean, egilearen datu pertsonalak gehitzea ezinbestekoa izango da. Onartutako formatu bakarra JPG izango da, 3600 x 3000 pixeleko tamainan. Argazkiak aurkezteko epea gaur [uriak 1] zabaldu dute, eta urriaren 30ean amaituko da.
Azaldu dutenez, lehiaketako epaimahaia azaroan bilduko da, eta irabazleen izenak Mendexako Udalaren webgunean argitaratuko dira. Sari banaketa, berriz, abenduaren 25ean egingo da, herrian urtero antolatzen den argazki zaharren erakusketaren barruan. Lehiaketako sarien artean 100 euroko lehen saria, 80 euroko bigarren saria eta 50 euroko hirugarren saria banatuko dira, eta parte hartzaile bakoitzak sari bakarra irabaz dezake.
Gaineratu dutenez, antolakuntzak aurkeztutako argazkiak erakusteko eta kopiatzeko eskubideak izango ditu, udal kultur ondarearen zabalkundea bermatzeko asmoz. Era berean, plagiotzat jotako edo arauak betetzen ez dituzten lanak baztertuko dituzte, eta ezinbestekoa izango da aurkeztutako irudiek pertsonen duintasuna eta eskubideak errespetatzea.
Ekimen honen bidez, udalak herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera eta euren argazkien bidez udal egutegia osatzera, herriko nortasuna eta bizitza islatuko duten irudiekin.