Urriaren 9an amaituko da Mutrikulan diru laguntza eskatzeko epea
Ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Mutrikuko Udalak.
Mutrikuko Udalak udalerrian enplegu sorrera eta enpresa ekimenen garapena sustatzeko Mutrikulan dirulaguntza argitaratu du. Urriaren 9a [eguena] izango da dirulaguntza eskatzeko azkenengo eguna. “Mutrikuko Udaleko garapen sailak, 2013tik hasita urtero atera izan du enplegua sortu eta ekintzailetasuna sustatzeko Mutrikulan izeneko dirulaguntza lerroa. Urtetik urtera aldaketak izan diren arren, laguntza hauen helburua, udalerrian ekintzailetza sustatzea da”, azaldu dute Mutrikuko Udaletik.
Dirulaguntzak 2025ean sortutako enpresei zuzenduta daude, baita ere, 2025ean langile kopurua handitu dutenei ere: “Deialdian parte hartu dezakete aurreko deialdiko epealditik kanpora geratutakoak ere, hau da, 2024ko urriaren 24tik 2024ko abenduaren 31ra artekoak”.
Hala, enpresa irekitzean sortzen diren postuak diruz laguntzeaz gain, irekitzeko orduan egindako inbertsioak ere diruz lagunduko dira: “Bi dira diruz lagunduko diren kapituluak: Enpresa-proiektu berrien sustapena eta enpleguaren sustapena”.
Enpresa proiektu berrien sustapenari dagokionez, gehienez 10.000 euroko dirulaguntza eman ahal izango du udalak: “Zenbait udal zergaren kontzeptuan hobariak aplikatuko dira; enpresa jartzeko garaian alokairu bat badu ekintzaileak, alokairuaren ehuneko bat ere diruz konpentsatuko zaio. Horrez gain, inbertsioak ere diruz lagunduko dira, eta egiten den inbertsioaren araberako laguntza izango da”.
Bestalde, udalerrian lanpostuak sustatze aldera, itzuli beharrik gabeko diru laguntzak emango dira langileak kontratatzeagatik, “ekintzailea bera barne”. Sortu berri diren enpresek zein aurretik sortuta daudenek eskatu ahal izango dute laguntza, “beti ere, kontratazio berriek oinarri arautzaile hau argitaratu aurreko langile kopurua handitzen badute”. Mutrikuko Udaletik jakinarazi dute lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboek laguntza handiagoa izango dutela.
2024ko eta 2025eko dirulaguntzei aurre egiteko 40.000 euroko aurrekontua dauka Mutrikuko Udalak. Hala, aurkezten diren enpresen gastuak aztertuko dituzte, eta horren arabera kalkulatuko dute laguntza kopurua. Enpresa proiektuen sustapenean, udal zergen gaineko hobari ezberdinez gain, inbertsioa diruz lagunduko da, eta irizpide hauek jarraituko dituzte:
- 100.000 eurotik gorako inbertsioek %6ko laguntza, gehienez ere 10.000 eurokoa.
- 50.000-100.000 euro arteko inbertsioek %6ko laguntza jasoko dute, gehienez ere 6.000 eurokoa.
- 50.000 euro baino gutxiagoko inbertsioek %25eko laguntza jasoko dute, gehienez ere 3.000 eurokoa.
Lanpostu berrien sustapenari dagokionean berriz, 2025ean alta emandako enpresetan sortzen den lanpostu bakoitzeko 1.000 euroko laguntza emango da oinarri bezala: “Kopuru hau handiagoa izan daiteke baldintza konkretu batzuen arabera. Lehendik martxan dauden enpresek lanpostu berriak sortzen badituzte, 500 euro jasoko dute“.
Deialdiaren inguruko xehetasunak www.mutriku.eus web gunean ikusi daitezke.