Ziortza-bolibartarrek ekarpen ugari egin dituzte herriko gimnasioaren proiektuaren inguruan
Ziortza-Bolibarko Udalak atzo [irailak 30] egin zuen gimnasioaren proiektuaren aurkezpena, eta 30 herritar inguru elkartu ziren osoko bilkura aretoan. Ekarpen ugari eta anitzak egin zituzten herritarrek, eta proiektua berrantolatuko du udalak.

Ziortza-Bolibarko Udalak atzo [irailak 30] aurkeztu zien herritarrei gimnasioa martxan jartzeko proiektua, Ainhoa Odiaga udal arkitektoaren gidaritzapena, eta 30 herritar inguru bertaratu ziren: “Aurkezpena oso ondo joan zen, eta harrera ona eduki du proiektuak”.
Odiagak azaldu duenez, hasierako zirriborroa herriko mutil talde gazte batekin egin zuten. Atzo, ostera, herritar talde handiagoa eta anitzagoa elkartu zen osoko bilkura aretoan, eta horrek denetariko ekarpenak jasotzea ahalbidetu zuen: “Hasierako zirriborroan proposatu ziren makinak gehiago ziren muskulazio makinak, eta guk ahalegina egin genuen udaletxe zaharreko espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatu eta hiru muskulazioko makina eta beste hainbat makina aerobiko sartzeko. Atzo, ostera, lehenego eskaera makina aerobiko gehiago ipintzea izan zen”. Gaineratu duenez, herritarrek material osagarria ere eskatu zuten, besteren artean, gomak eta pilotak.
Gimnasioa udaletxe zaharreko bulegoetan kokatuko dute, eta alboko osoko bilkura aretoa ere erabiltzeko proposamena egin zen atzo: “Luzaketak egiteko eremu egoki bat aurreikusi genuen guk bulegoetako espazio horretan, baina alboan osoko bilkura areto zaharra dago, eta herritarrek proposatu zuten luzaketa eremua lasaiagoa denez ea posible izango litzatekeen areto horretan ipintzea”. Era horretan, makina gehiago sartzeko espazio gehiago geratuko litzateke bulegoen gunean: “Heldu ginen ondorioa izan zen aukera bat izan daitekeela makina aerobikoen gunea eta muskulazio gunea bereiztea bi gune identifikagarritan, eta jendea ados agertu zen horrekin”.
Bestalde, erabiltzaileen segurtasuna eta erabilera egokia bermatzeko proposamenak azaleratu ziren. “Herritarren proposamena izan zen irakasle bat ipintzea, gutxienez astean behin, eta ordu tarte batean bertan egongo dena. Horrela, interesa duenak izena eman eta harekin ikasteko aukera edukiko luke”, azaldu du Odiagak.
Berrantolaketa. Behin herritarren ekarpenak jasota, udala proiektua zehazten hasiko da: “Hurrengo pausua ekarpen horiek baloratu eta berrantolaketa egitea izango da. Beste buelta bat eman behar zaio proiektuari, eta espazioak eta aurrekontuak uzten badute, makina gehiago eta mota desberdinetakoak sartu. Eraikinari dagokionez, gimnasiorako sarrera eraikinaren atzeko aldetik izango da. Horrela, alde batetik, irisgarriagoa izango da, eta bestetik, frontoiko aldagelak gertuago egongo dira. Hala ere, sarrera hortik eginez gero aztertu behar dugu funtzionamendua zelakoa izan duen”. Hala, ekarpen denak aztertu eta urte amaierarako proiektua prest edukitzea aurreikusi dute, 2026an gauzatu ahal izateko.