Kide Kooperatiba: Lea-Artibaiko erreferente, 50 urtez
Gaur [urriak 3] egin dute 50. urteurreneko ekitaldi instituzionala Berriatuko egoitzan, bertan izan dira Imanol Pradales Lehendakaria eta Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia, besteak beste. Bihar [urriak 4] kooperatibako Familien Eguna egingo dute.
Ezkerretik eskuinera: Alkorta, Gojenola, Bengoetxea, Pradales, Etxenobe, Rodriguez eta Lopez. 50 urte ez dira egunero betetzen. Mende erdi ospatzea hitz potoloak dira. Kide Kooperatibak 50 urte edo mende erdi bete ditu aurten. Urte osoan zehar askotariko ekintzak antolatu eta hauspotu baditu ere, urtebetetze jaialdia egunotan daukate. Gaur [urriak 3] ekitaldi instituzionala izan dute Berriatuko egoitzan. Bihar [urriak 4] kooperatibako Familien Eguna egingo dute.
Bertan izan dira gaurkoan, besteak beste, Imanol Pradales Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun nagusia, Ainara Basurko Promozio Ekonomikoko diputatua; Peio Rodrigez Mondragon Korporazioko presidentea, Joseba Gojenola Berriatuko alkatea edota Urtza Alkorta Ondarroako alkatea. Hain zuzen ere, Agustin Goikoetxea Kideko Lehendakariak eta Mario Lopez Kideko zuzendari nagusiak egin diete guztiei harrera. Gero, Berriatuko egoitzan barrena bisita gidatua osatuz, kooperatibaren inguruko nondik norakoak azaldu dizkiete. Ekitaldi nagusia ere bertan egin dute.
Goikoetxea presidenteak ākooperatibaren bereizgarri nagusiaā nabarmendu du: āKooperatiban dauden pertsonakā. Goikoetxeak 1975eko testuingurua gogoratu du, Lea-Artibaiko ekonomia baserrian eta itsasoan zegoen oinarrituta, formatuta zeuden gazte gehienak kanpora joan beharra zuten lanera. Goikoetxearen ustez, kooperatiben eredu hori gakoa izan da Lea Artibai eskualdeko ekonomia garatu ahal izateko. āKrisia mehatxuka genuenean eta hemen etorkizunik ez zegoenean, kooperatiba industrialak giltzarriak izan ziren Ondarroa, Berriatua eta eskualdeko gainerako udalerriek aukera bat izan zezatenā. Eskerrak eman nahi izan dizkie modu batera edo bestera kooperatibaren historiaren parte izan diren guztiei: āBakoitzaren ekarpena ezinbestekoa izan da gaur egungo Kidera heltzekoā.
Imanol Pradales Lehendakariak āpozik, harro eta ilusiozā Kide zoriondu du, haren 50 urteko ibilbidearengatik eta kooperatibismoaren balioak āarrakastaren oinarriaā direla nabarmendu du. āHauxe da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan daukagun lehiakortasun eta ongizate eredua: enplegua eta aberastasuna sortzea, pertsonen hazkuntzaren mesedetan eta komunitatearen mesedetanā.
Era berean, Lehendakariak esan du erakunde publikoek, enpresen moduan, āarriskatuā egin behar dutela: āHorregatik aurkeztu dugu ‘Euskadi Eraldatzen 2030’ ekimena, gure Herriaren hazkunderako erabakigarria izatea espero dugu. Horretaz gain, ikerketarako eta garapenerako Hazitek dirulaguntzak indartu ditugu, eta orain dela hilabete batzuk industria kooperatibak sustatzeko funts berri bat ipini genuen abian. Duela 50 urte bezala, zalantzaz betetako garai honetatik indartuta aterako garaā.
Etxanobek adierazi du kooperatiba āahalegin kolektiboaren ereduā dela āberrikuntzagaz eta enpleguagaz dagoen konpromisoarenaā. Kide erreferente dela azpimarratu du, ez bakarrik Lea-Artibain edo Bizkaian, baita Euskal Herrian eta munduan ere. āGarai berrietara egokitzen jakin izan duen enpresa da, momentu oso zailak gainditzeko gai izan dena eta gaur egun momentu oso ona bizi duenaā, esan du Ahaldun nagusiak. 2023an 131 langile zituen Kidek, eta orain 190 ditu. Inguruko herritarrei eta batez ere gazteei, Lea-Artibain errotzeko aukera ematen die kooperatibak: āKide denok lortu nahi dugunaren adibide argia da, enplegua eta gizarte aberastasuna lortuko dituen jarduera ekonomikoa sortzeaā. Rodrigezek nabarmendu du Mondragon Korporazioa ābeti eta betirakoā egongo dela Kideren alboan laguntzeko prest. Proiektu āoso potenteaā dutela esan bakarrik ez, kooperatibak emandako āetengabeko aurrerapausoakā goraipatu ditu.
Euskararen garrantzia
Euskara izan dute denek ala denek ahoan. Izan ere ekitaldi guztia euskera hutsean egin dute, Etxanobek eta Pradalesek bakarrik hartu dute gaztelaniarako tarte txiki bat. Lea-Artibai “euskararen arnasgune nagusietako batā dela gogoratu dute eta kooperatibako lehendakariak argi utzi du ez duela āKide ez euskaldun batā ezagutzen eta horrela jarraitzeko āasmo argiaā erakutsi du. Pradalesek ere eskertu du āeuskarak eta bezeroakā erdigunean jartzea. Etxanobek, adibidez, eskerrak eman nahi izan dizkiete kooperatiba osatze duten guztiei āeuskararen alde egindako lanagatikā eta aldundiaren ākonpromiso beraā agertu du āeuskara bizirik mantentzekoā.
