Aurrera doaz Nagusien Eguneko ekintzak
Atzo [urriak 5] zine-foruma eta barikuan [urriak 3] mahaingurua egin zituzten Markina-Xemeinen. Eguenean dute hurrengo hitzordua, irakurketa kluba egiteko.

Nagusien Nazioarteko Eguna askorako ematen ari da Markina-Xemeinen. Lagunkoi taldeak, Beti Jai jubilatuen elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak hilabete guztirako hamaika ekintza antolatu dituzte, eta atzo [urriak 5] Un paseo por el bosque filmaren inguruko zine foruma egin zuten. Barikuan [urriak 3], ostera, Zahartze aktiborako aholkuak mahaingurua eduki zuten Lucia Conzi eta Alex Arrateren eskutik, Ana Isabel Anituak bideratuta. 20 pertsona inguruk parte hartu zuten barikuko mahainguruan, eta “gustura” entzun zituzten adituen aholkuak.
Hurrengo hitzordua eguenean [urriak 9] dute. Herri Bibliotekan elkartuko dira bi liburu aztertzeko: 17:00etan Yo, vieja (Anna Freixas) liburua izango dute hizpide, eta 19:00etan, Andrezaharraren manifestua (Mari Luz Esteban). Urriaren 26an, aldiz, Alpino elkarteak antolatutako ibilbidea egingo dute, herriko zuhaitzak ezagutzeko.

Barikuko mahaingurua.Markina-Xemein Lagunkoia