Berdintasun Kontseiluaren aurkezpenaren balorazio "positiboa" egin dute
40 lagun batu ziren barikuan [urriak 3] Gizaburuagan egin zuten Lea Ibarrako Berdintasun Kontseiluaren aurkezpenean.

Lea-Ibarrako Berdintasun Kontseiluaren aurkezpena egin zuten barikuan [urriak 3] Gizaburuagan. Kontseiluko kideek ekitaldiaren balorazio “positiboa” egin dute: “40 lagun inguru batu ginen Lea Ibarrako bost herrietatik eta aretoa bete egin zen”.
Aurkezpenean prozesuaren xehetasunak azaltzeaz gain, Berdintasun Kontseiluaren helburu nagusiak mahaigaineratu zituzten: “Berdintasun politikak era planifikatuan, koordinatuan eta elkarlanean egin ahal izateko espazio bat sortzea da helburua; mugimendu feministaren, herri eragileen, mankomunitatearen eta bertako bost udalen artean”.
Aipatutako helburuez gain, beste zenbat ere esleitu dizkiote Berdintasun Kontseiluari; besteak beste, Lea Ibarrako udalen, mankomunitatearen eta mugimendu feministaren arteko harremana eta interlokuzioa hobetzea, berdintasun politiken irismena arlo, herri eta herritar gehiagorengana iristea, Lea Ibarrako udalen jarduerak era gardenean eta parte hartzaileagoan kudeatzea, herrien arteko sinergiak indartzea eta elkarrengandik ikasteko aukerak sustatzea, politika feministetan elkarrekin aurrera egiten joateko, eta Lea Ibarrako emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatzeko aukerak areagotzea.
Aurkezpenaren ostean, Kilimaterio ikuskizunagaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek; Kaitin Allenderen bakarrizketagaz, eta Oihana Perea eta Irati Anda bertsolarien hitzekin.