Eguraldiak ez du Erraldoien II. Topaketa gelditu
Euria egin arren, Erraldoien II. Topaketa arrakastaz aurrera eroatea lortu dute markina-xemeindarrek. Guztira 150 partaide eta 400 ikusle inguru elkartu zituen atzoko [urriak 5] topaketak: "Jende ugari etorri zen, eta balorazio positiboa egin dugu".

Egun handia zuten atzokoa [urriak 5] Lea-Artibai nahiz inguruetako erraldoi eta buruhandi zaleek. Izan ere, Markina-Xemeingo Erraldoien taldeak antolatuta, Erraldoien II. Topaketa ospatu zuten herrian. Guztira 150 partaide eta 400 ikusle inguru elkartu zituen egunak, eta antolatzaileek egunaren balorazio ona egin dute: “Eguraldiari begiratuta zalantza asko eduki genituen, baina azkenerako jende ugari etorri zen, bai herrikoak eta baita inguruko herrietakoak ere”.
Izan ere, goizean goiz erabaki behar izan zuten eguna zelan antolatu: “Goizean euri zaparrada ari zuen, eta hor erabaki genuen ezin zela aurreikusitako kalejira egin, ze, erraldoiak bustitzen badira hondatu egiten dira”. Hori horrela, frontoi txikia izan zen jaiaren erdigunea: “Aurretik erabakita bezala, bertan ipini genituen ikusgai erraldoiak. Osteko ekitaldia Uni frontoian egin behar genuen arren, azkenean frontoi txikian jarraitzea erabaki genuen, eta ondo joan zen”. Bertan elkartu ziren herriko erraldoien taldearekin batera Berriatuko, Mutrikuko, Bermeoko eta Leitzako taldeak ere.
Konpartsa denak aurkeztu eta bakoitzak bere emanaldia eginda, zalantza ugari tarteko, kalejiran ateratzea erabaki zuten: “Eskertzekoa da une horretan talde guztiek erakutsi ziguten babesa. Erraldoiak ezin dira busti, eta kalejiran irtetera gindoazen unean euria hasi zen arren, denon artean aurrera jarraitzea erabaki genuen”. Hori horrela, frontoi txikian hasi, udaletxerantz joan, Babbeleko bidea hartu eta Aldaolako plazara heltzeagaz batera, emanaldia eskaini zuten konpartsek: “Hasierako zalantzen ostean segituan atertu zuen, eta jende pila bat elkartu zen kalejiran eta dantza emanaldian”. Aldaolatik Udal Arraindegirako bidea hartu zuten, Artibai kaletik, eta handik berriro frontoi txikirako bidea egin zuten. Kalejiragaz amaitzeko, denek batera Polonesa abestia dantzatu zuten: “Dena amaitu eta euria hasi zen, eta beraz, alde horretatik, oso gustura; era batera edo bestera kalejira egiteko aukera eduki genuen”.
Aberasgarria. Emanaldiaren ostean luntxean bildu ziren partaideak, eta hor ere “une politak” bizi izan zituztela adierazi dute antolatzaileek: “Talde bakoitzeko partaideok beste taldeetako erraldoi eta buruhandiak ikusi eta probatzeko aukera eduki genuen. Elkarren artean harremandu eta informazioa trukatzeko momentua izan zen, eta alde horretatik, oso aberatsa izan zen topaketa”.
Ildo beretik, erraldoien aniztasuna ere nabarmendu dute antolatzaileek: “Berriatukoek, esaterako 60kg pisatzen dituzte, eta gureak [Markina-Xemeingoak] arinenak dira. Mutrikukoak, ostera, desberdinak dira: dantzan egiteko estilo berezia dute, besoak mugitzen dituzte… Bermeokoak, ostera, gaztetxoentzako dira gehiago, ze, txikiagoak dira. Eta gero buruhandiak ere ekarri zituzten zenbait taldek, leitzarrek, esaterako. Oso aberasgarria izan zen alde horretatik ere”.
Hala, egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek: “Espero genuen jendea etortzean, baina eguraldia ikusita, zalantza piztu zitzaigun. Hala ere, jende pila bat etorri zen eta eguraldiak ere lagundu zigun. Guretzat garrantzitsuena kalejira egin ahal izatea zen, eta hori, lortu genuen. Beraz, balorazioa oso positiboa da”.






























