'Oso pro!' kanpainako lehenengo jardunaldia Ondarroan ospatu da
Merkataritza profesionala, proaktiboa eta gertukoa sustatzen jarraitzea da kanpainaren helburua. Ondarroako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta herriko mekatariek parte hartu zuten.

Ondarroako Kofradia Zaharrean batu ziren barikuan [urriak 3] Ondarroako Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundikoak eta udalerriko merkatariak, merkataritza profesionala, proaktiboa eta gertukoa sustatzen jarraitzea helburu duen Oso Pro! kanpainaren lehenengo jardunaldian.
Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak eman zien ongietorria bertaratuei, eta herria bizirik mantentzeko komertzio txikiek duten garrantzia azpimarratu zuen: “Merkataritza eredu profesionala, proaktiboa eta gertukoa kalitatezko merkataritza ahalbidetzen duten baloreak dira, baita, herrirako nahi ditugun baloreak ere. Herria bizirik mantentzen laguntzen dutelako. Badakigu ez direla garai errazak, eta erronka handiak ditugula aurrean, baina honi guztiari erantzuteko merkatariek, elkarteek eta erakunde publikoek batera egin behar dugu lan, hurbileko merkataritza zaindu eta suspertzeko“. Hala, merkatariei, Zatozte Elkarteari eta Bizkaidendak Elkarteari eskerrak emanaz amaitu zuen Alkortak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Saileko Foru Diputatu ondarrutarrari hitza emanez.
“Plazer bat da niretzako hemen egotea. Bizkaidendak Elkarteak jardunaldi ziklo bat antolatu du, eta Ondarroakoarekin emango diogu hasiera gaur”, hasi zuen hitzartzea Basurkok. Kanpainaren helburua merkatariengandik hurbilago egoteaz gain, hauen kezketan sakontzeko tartea irekitzea ere bazela azpimarratu du: “Ahal dugun neurrian bidelagun izango gaituzue. Alkateak esan bezala, ez dira garai errazak sektore honentzako, baina hala ere, etorkizuna badago. Merkatari txikien hurbiltasuna, profesionaltasuna eta proaktibitatea balorean jarri nahi ditugu; izan ere, herriko dendak ez dira soilik erosteko leku bat, konfiantza, kohesio soziala, komunitatea eta herri identitatea indartzen duten espazioak ere badira”. Hala, sektoreak etorkizuna daukala azpimarratu zuen Basurkok, nahiz eta eraldaketa prozesua erraza ez den: “Ez daukagu formula magikorik, baina egin beharrekoa elkarrekin egin behar dugu, eta Bizkaiko Foru Aldunditik laguntzeko prest gaude”.
Amaitzeko, bertaratutako merkatari guztiak zoriondu zituen Ainara Basurkok: “Zorionak guztioi. Aurpegi ezagun asko ikusten ditut hemen, eta badakit egunero nolako lana egiten duzuen. Testuingurura egokitzen zatere, eta bezeroa erdigunean jartzen duzue beti. Merkataritza profesional, gertuko eta proaktiboaren adibidea zarete”.























