'Bakardade ikusezina' erakusketa Ondarroara heldu da
Erakusketa BBKren Herriz Herri programaren baitan kokatzen da, eta aukeratu gabeko bakardadeaz kontzientziatzeko ariketa bat da. Urriaren 19ra arte egongo da ikusgai Ondarroako udal erakusketa aretoan.

Bakardade ikusezina Ruben Orozco artista mexikarraren Mercedes eskultura hiperrealistaren bidez, adinekoek aukeratu gabeko bakardadearen inguruan sentsibilizatzeko erakusketa da. Duela sei urte BBK-k martxan jarritako ekimena da; atzo heldu zen Ondarroara, eta udal erakusketa aretoan egongo da urriaren 19ra [domeka] arte. Astelehenetik barikura 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara.
Erakusketak izandako harrera ona dela eta, Bizkaiko herri ezberdinetatik igaro da erakusketa: “Erakusketa Herriz herri programaren esparruan iritsi da Ondarroara: gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzeko BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatzen duten programa da”. Mercedes da erakusketaren protagonista, eta banku baten eserita dagoen adineko emakume bat irudikatzen du: bakarrik, serio eta triste.
Erakusketaz gain, aukeratu gabeko bakardadeari buruz hausnartzeko bi jarduera antolatu dituzte Ondarroako Udalak eta BBK-k: “Batetik, bakardadeari buruzko mural bat egingo da bihar [urriak 8]; eta, bestetik, kafe-tertulia bat antolatuko da urriaren 16rako, 18:00etan”. Bi ekintzak Ondarroako udal erakusketa aretoan eramango dira aurrera.
Esti Arruti Osa ongizate zinegotziak erakusketaren helburuak mahaigaineratu ditu: “Uste baino herritar gehiago bizi dira bakardadean, horrek dauzkan ondorio guztiekin, eta erakusketa honen helburua horren inguruan hausnarketa egitea da”. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi zuen bakardadea XXI. mendeko epidemia izango dela: “Historian lehen aldiz, biztanle gehienek 60 urteko edo gehiagoko bizi-itxaropena dute. 2025erako 2.000 milioi pertsona inguru egongo dira adin-tarte horretan, eta nahi gabeko edo gura bako bakardadea da gizarte zaharkitu horrek aurrean izango duen erronketako bat. Gure bako bakardadeak eragin kaltegarriak ditu osasunean eta heriotza goiztiarrari lotuta dago. Arazo horren ondorioak maila fisiologikoan, emozionalean eta sozialean gertatzen dira, eta askotan etsaitasuna, erresumina, depresioa, tristura eta antsietatea eragiten dituzte”.
Herriz herri programa. Lehenengo edizio “arrakastatsuaren” ondoren, berri ero ere martxan jarri du Herriz herri proiektua BBK-k. Ekimenaren helburua erakusketa Bizkaiko udalerri gehienetara iristea da, “aukera berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko”. Antolatzaileek zehaztu dute dagoeneko 61 udalerrik bat egin dutela ekimenarekin.