Eguaztenean amaitzen da Gabonetarako sukaldaritza tailerrean parte hartzeko izen ematea
Hemen Be Bai merkataritza elkarteak antolatutako tailerra domekan [urriak 12] izango da, 17:30ean, Arretxinagako sukaldean.
Hemen Be Bai merkatari elkarteak duela bi urte antolatu zuen lehenengoz sukaldaritza tailerra, eta izandako arrakasta ikusita, aurtengoan errepikatzea erabaki dute. Hala, domekan [urriak 12] egingo dute tailerra, 17:30ean, Arretxinagako sukaldean.
17:30ean hasi eta bi ordu inguruko tailerra izango da: “Tailerra bi ordu ingurukoa izango den arren, gero bertan geratuko dira jaten. Beraz, ziurrenik luzatu egingo da”. Bertoko produktuekin egingo dute lan, eta Gabonetara begirako jakiak prestatuko dituzte: “Merkatari elkarteko komertzioetan erositako produktuekin prestatuko dituzte jakiak. 15 euroko kuota ipini dugu parte hartu nahi dutenentzat: merkatari elkarteak dirurik aterako ez duen arren, produktuak erosi eta sukaldariari ordaintzeko izango da diru hori”. Hala, parte hartu nahi dutenek udaletxeko kutxazainean egin beharko dute ordainketa; bihar [urriak 8] da horretarako azken eguna.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, iaz ere antolatu nahi izan zuten arren, ez zen posible izan: “Merkatari elkarteko norbaitek nahi genuen tailerra ematea, baina ez genuen inor aurkitu. Horregatik, aurten, elkartekoa izan ez arren, tailerra egitea erabaki dugu, ze, tailerra pila bat gustatu zen duela bi urte”. Hori horrela, aurtengoan Antsotegiko sukaldariak, IƱaki Nabarnizek, emango du tailerra.