Etxebarritarrek 2026ko egutegiko argazkiak aukeratu ditzakete
49 argazki zahar bildu dituzte Etxebarriko Udalak eta Parekidetasun Batzordeak. Argazkiok ikusgai egongo dira udaletxeko aretoan hilabete guztian, eta parte hartzaile bakoitzak bost argazki aukeratu ahalko ditu.
Etxebarriko Udalak eta Parekidetasun Batzordeak lankidetzan 2026rako egutegirako argazkien aukeraketa parte hartzailea ipini dute martxan. Hala, herritar denei prozesuan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete, denen artean “egutegi berezi baten” diseinua erabakitzeko.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, argazki zaharrak biltzen aritu dira, eta guztira 49 bildu dituzte: “Gure herriko memoria eta historia kolektiboa gordetzen duten 49 argazki bildu ditugu”. Horietatik hamabi aukeratuko dituzte herritar denen artean, 2026ko egutegia osatzeko.
Hala, parte hartzea irekia eta herritar guztientzat izango dela azaldu dute. Argazkiak udaletxeko aretoan ipini dituzte ikusgai, eta hilabete guztian egongo dira bertan. Herritar bakoitzak bost argazki aukeratu beharko ditu, eta bozkatzeko bi aukera eman dituzte: presentzialki udaletxeko sarreran, edo online, udalak sare sozialetan zabaldu duen estekaren bitartez.
Herritarrek bozkatutako argazki denen artean boto gehien lortzen dituztenak aukeratuko dituzte egutegirako, baina, azken erabakia Parekidetasun Batzordeak hartuko du: “Irizpide osagarriak kontuan hartuko dituzte, bereziki, berdintasun irizpideak: emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna, rolak eta bestelako balioak”.
Behin egutegia osatuta, etxebarritar guztien eskura ipiniko dute, herriko ondare kolektiboan balioan jartzeko asmoz.