Gollebar Jai Alai taldeak 1130 euro eman dizkio dohaitzan Izarbidean elkarteari
Taldeko eta herriko ume eta gaztetxoek zozketetatik eta euren produktuen salmentatik ateratako dirua Izarbidean elkarteari dohaitzan ematea erabaki dute; zapatuan [urriak 4] egin zuten ekitaldia.

Joan den ekainean hasitako egitasmoari zapatuan [urriak 4] eman zieten amaiera Gollebar Jai Alai taldekoek. Ziortza-Bolibarko hamar ume inguru aritzen dira Gollebar Jai Alai taldean zestagaz entrenatzen, eta ekainean lagunarteko kinielak eta hainbat zozketa berezi antolatu zituzten herriko beste hainbat kideren laguntzagaz. Hala, egitasmo hartatik jasotako dirua Izarbidean Aniztasun Funtzionala duten Pertsonen Aldeko elkarteari eman zieten zapatuan, dohaitzan.
Taldeko umeen gurasoek adierazi dutenez, hainbat zozketa egiteaz gain, taldeko kamisetak ere ipini zituzten salgai: “Hortik ateratarako dirua bideratu dute Izarbidean elkartera. Guztira 1130 euro izan dira. Zapatuan zesta-puntako kiniela batzuk egin zituzten, eta amaieran puntistek arkua egin zieten Izarbideaneko kideei. Gero, beste bi gaztek aurreskua dantzatu zuten, eta umeek eurek margotutako txeke bat eman zieten elkartekoei, modu sinboliko batean. Umeei eurei atera zaie dirua elkarteari ematea, eta polita izan da”. Gaineratu dutenez, Izarbidean elkartekoak ere eskertuta eta pozik agertu dira jasotako dohaitzagaz.
















