LABek Kubarako osasun materiala biltzeko kanpaina jarri du martxan
Ondarroako LABeko egoitzan, eta Mutrikuko Zubixa tabernan jasoko dute materiala. Gutxienez 2026ko iraungipena duten mota guztietako sendagaiak jasoko dituzte.
LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpaina jarri du martxan. Kubarekiko Elkartasun eta Kubako Emigratuen elkartearen eskaerarekin bat eginez, Kubako herriaren kontrako erasoak salatzea eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzea da helburua. “Euskal Herriko osasun sektoreko langileek bultzatutako kanpaina izango da, elkartasun internazionalistaz abiatutakoa, eta LABeko afiliazioak eta komunitate osoak babestua”, adierazi dute sindikatutik. Hala, kanpainaren baitan, osasun materialaren bilketa egingo dute.
Ondarroako LABeko egoitzan eta Mutrikuko Zubixa tabernan jasoko dute materiala sindikatuko kideek; Ondarroan urriaren 8an, 9an, 13an eta 14an, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta Mutrikun, urriaren 8tik 12ra bitartean. Gutxienez 2026ko iraungipena duten mota guztietako sendagaiak jasoko dira, likidoak izan ezik. Baita, sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; besteak beste, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak.
Osasun materiala biltzeaz gain, taupada markagailuak erosteko ekarpen ekonomikoak ere bideratuko ditu LABek, eta ekarpena honako kontu honetara egin beharko da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: Taupada markagailuak).
Hamarkadetako blokeoa. LABen arabera, Kubak osasun sistema “eredugarrienetako bat” lortu du, nahiz eta sei hamarkada baino gehiagoz Ameriketako Estatu Batuek “inposatutako” blokeo ekonomikoari, komertzialari zein finantzarioari aurre egin behar izan dion: “Blokeo hori gerra ekonomikoko ekintzatzat jo daiteke, eta ondorio suntsitzaileak izan ditu Kubako langileriarentzat, sendagaiak, osasun tresnak eta funtsezko teknologiak eskuratzeko aukera mugatu baitu. Gaur egun, adibidez, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute”. Hala, Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurriek enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak hornidurak ukatzera behartzen dituztela zehaztu du, “Ameriketako Estatu Batuen errepresalia ekonomikoen beldur direlako”: “Gainera, AEBk Kuba terrorismoaren babesle diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun arloko materiala erosteko”.
Nazioarteko komunitateak Klubaren aurkako blokeoa askotan “gaitzetsi” duela zehaztu du LABek. 2023an Nazioarteko Justizia Auzitegiak delitutzat jo zituen zigorrak, eta berehala amaitzeko eskatu zuen, genozidioa ekar dezakeen gizateriaren aurkako krimen gisa izendatu baitzituen. “Era berean, NBEren Batzar Nagusiak blokeoa amaitzeko eskatzen duen ebazpen baten alde bozkatu du behin eta berriz, hainbat urtez, 180 herrialde baino gehiagoren babesarekin, eta AEBen eta haren aliatu den Israelgo estatu sionistaren kontrako botoarekin”.
Parte hartzeko deia. Kubako osasun sistemak, Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde askotara elkartasuna zabaldu duela zehaztu du LABek, eta horregatik, kanpainan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei: “Orain, Kubari babesa erakusteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta abiatutako elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du”.