Oroimen astea antolatu du Saturraran Elkarteak
Eguenean [urriak 9] emango diote hasiera Oroimen Asteari, Saturraran 1 eta Saturraran 2 dokumentalen proiekzioarekin. Azaroaren 8an [zapatua] egingo dute Oroimen eguna.

Urtero legez, Oroimen Astea antolatu du Mutrikuko Saturraran Elkarteak, “gertatutakoa ahanzturan erori ez dadin”. Aurten, gainera, hilabete osoko ekintzak antolatu dituzte, eta eguenean [urriak 9] emango diote hasiera memoria ariketari, Saturraraneko kartzelari buruz egindako bi dokumentalen proiekzioekin. 19:00etan hasiko da ekimena, Zabiel kultur etxean, eta ondoren, solasaldia egongo da.
Urriaren 20tik [astelehena] 30era [eguena] bitartean egongo den Emakumeak 1931-1939 erakusketa izango da egitasmoaren bigarren ekintza. “Martxoan Markina-Xemeinen egindako erakusketaren berdina izango da. Emakumea da protagonista, eta Errepublika garaian lortutako eskubideak islatzen ditu; hala nola, boto eskubidea, Dibortzioaren Legea edo lehen gizonentzat bakarrik ziren lanbide eta kargu publikoetarako sarbidea, emakumeak bizitza publikoan txertatzeko prozesuaren alderdi deigarrienetako batzuk izan ziren”. Era horretan, erakusketak emakumeak protagonista nagusi izan ziren garai historiko honetako memoriaren zati hori bisualki berreraikitzen du. Astegunetan 17:30etik 19:30era egongo da erakusketa ikusteko aukera, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara.
Oroimen eguna. Urteroko data seinalatua da Oroimen eguna Mutrikun, eta egun honekin emango diote amaiera egitarauari. Betiko legez, Saturraranen izango dute hitzordua azaroaren 8an [zapatua], 12:00etan, eta bertako kartzelan egondako emakume eta umeak omenduko dituzte. Ekitaldi “xumea bezain beharrezkoa” izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.