Ager Solabarrieta eta Maite Badiola bi dominagaz itzuli dira
Kroaziako Osijek herrian lehiatu dute Europako Txapelketa, beste behin emaitza bikainak lortuz.

Ager Solabarrieta eta Maite Badiola Europako Tiro Txapeldun izendatu dira etzandako modalitatean. Hori gutxi ez, eta zutikako modalitatean ere domina lortu dute, brontzeskoa kasu honetan. Hau da, beste bi lorpen ikaragarri ondarrutarren lorpen zerrenda amaigaberako.
Kroaziako Osijek herrian lehiatu dute azken egunetan Europako Txapelketa. Zutikako diziplinagaz hasi zuten haien jarduna asteburuan, eta sailkatze proban lehen postuan amaitu bazuten ere, finalean hirugarren postuagaz konformatu behar izan ziren.
Etzandakoak, ordea, goitik behera baino, behetik gorakoa osatu zuten Solabarrietak eta Badiolak. Sailkapen kanporaketan bigarren izan ziren eta final “oso berdinduan” bere aukera itxaron eta baliatu zuten. Euskal tiralariak “lasaitasun harrigarriagaz eta urduritasunak neurtuz” aurkariak gainditzen joan zen lau jaurtiketa faltan bigarren jarri eta domina ziurtatu zuen arte.
Hurrengo bi jaurtiketetan, 10 puntutik gora beti, espezialitateko egungo munduko txapeldunak Boguslaw Rutkowski poloniarra gainditu zuen, brontzea amaieran, baina oraindik puntu bat falta zitzaion Petar Jelakovic kroaziarrarengana heltzeko. Etxeko jaurtitzaileak buruan jarraitu zuen azken jaurtiketara arte. Orduan, Solabarrietak 10 puntuko jaurtiketa zehatza egin zuen eta Espainiako txapeldunak garaipena lortu zuen 242,5 puntugaz.
Solabarrieta “oso pozik” agertu da egindako finalagatik. “Urrezko dominak loria ematen dit, urtea betetzen duen ginga da”, esan du hunkiturik emazteari domina eskaintzen zion bitartean. “Azken jaurtiketetan lasaitasuna mantentzeko, nahiz eta bihotza abiadura bizian izan, egiten dakizula gogoratu behar duzu, entrenamenduetan landutakoa eta norberarengan sinesteak du garrantzia”, aitortu du.