“Lankidetza funtsezko tresna da lan mundua euskalduntzeko”
Cikautxo kooperatibak eguenean [urriak 9] Euskaragileak Topaketa hartu zuen.
Hainbat enpresatako ordezkariak bildu ziren eguenean [urriak 9] Berriatuako Cikautxo enpresaren instalazioetan, Bai Euskarari Elkartearen Euskaragileak batzordeak deitutako topaketa berri batean parte hartzeko. Helburu argia zuten: “Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko eredu erreal eta eraginkorrak ezagutzea, elkarrengandik ikastea eta harreman sareak sendotzea”.
Jardunaldiaren ardatza arlo eta ezaugarri desberdinetako sei enpresaren aurkezpenak izan ziren. Bertan, beraien hikuntza kudeaketaren inguruko esperientzia praktiko eta inspiratzaileak partekatu zituzten. Hizlariek beren erakundeetan abian jarritako praktika onak azaldu zizkieten bertaratutakoei. Bruss, Lantegi Batuak, Traola Produkzioak, Tazebaez, Cikautxo eta Eika enpresetako ordezkariek, txandaka, beren esperientziak partekatu zituzten. “Aniztasun horri esker, parte-hartzaileek beren enpresetara egokitu daitezkeen ideia eta estrategia ugari jaso ahal izan zituzten, hizkuntza kudeaketaren arrakastaren gakoak erakutsiz bakoitzak bere errealitatetik”, azaldu dute.
Horrez gain, bertaratutakoek Cikautxoren instalazioetara bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. “Ibilbidean zehar, enpresako arduradunek zuzenean erakutsi zuten nola kudeatzen duten euskara eguneroko lanean, ekoizpen-lerroetatik hasi eta bulegoetaraino”.