Besarkadak: sei segundokoak gutxienez eta besoak luzatuta
Gaur [urriak 11] V. Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatzen ari dira Ondarroan. Arratsaldean, Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak Bingoz Bingo ikuskizuna eskainiko dute

Urte osorako indarrak eta animoak hartu eta pilak topera kargatzeko eguna da. Urriaren 13a da Ekai Lersundi Martinezen urtebetetze eguna, baina gaur [urriak 11] ospatu dute Aniztasunaren Besarkada Eguna. Eguna gainera Ekai bezain koloretsua atera da. Aurtengoa gainera bosgarrena da dagoeneko eta memoria eta aldarrikapen eguna indartu nahi izan dute.
Hori bai, egunari hasiera emateko, beste urte batzuetan bezala, Euskal Herriko Batukada Feminista arduratu da Itsasaurrera arteko bidea osatzeaz. Kolorez bete dituzte Ondarroako kaleak. Bertan, Ekaien omenezko monolitoaren aurrean elkartuta osatu dute ekitaldi nagusia. Ainhoa Etxebarriak eta Nerea Gartziak bideratu dute ekitaldia, eta talde dinamika bat gidatu dute. Zelan ez, falta izan ez dena azken besarkada izan da. Elaxar Lersundik argi utzi du: “Besarkadak gutxienez sei segundokoak dira eta besoak luzatuta”.
Aurten, ordea, ez da bakarrik eguerdiko ekitaldira mugatu Aniztasunaren Besarkada Eguneko egitaraua. Gaur 19:00etatik aurrera, Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak Bingoz Bingo ikuskizuna eskainiko dute Alde Zaharrean.
Aurretik, urriaren 2an, Xerka hitzaldia eskaini zuten Martxel Larraza eta Joseba Olagaraik. Euskal Herriko bost pertsona querren bizipenak, hausnarketak eta sentzazioak elkarbanatzeaz gain, LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen sexilioa bistaratu zuten. Horrez gain, argazki erakusketa ere ikusgai jarri zuten astebetez Etxelilan.