Giro ezin hobea Urriko Azoka Nagusian
Eguraldi eguzkitsu eta tenperatura epelak lagun, jendetza elkartu da gaur [urriak 11] Markina-Xemeingo Zelai inguruan. Euskadiko 28. Blonda Txapelketan, Eizmendi baserria izan da saririk gehienak irabazi dituena.

Zaila da gaur [urriak 11] baino egun hobea ateratzea Urriko Azoka Nagusirako. Eguraldi eguzkitsua eta tenperatura epela. Ez dago gehiago eskatzerik. Horregatik, Markina-Xemeingo Zelaia inguruan jendez bete da goizeko lehen ordutik. Jendetza gehien, ohi bezala, eguerdian elkartu da.
Asko zegoen ikusteko, dastatzeko eta erosteko. Bi aldeak, saltzaileak zein erosleak, pozik agertu dira ateratako egunagaz. Hain zuzen ere, Urriko Azoka Nagusiak zuzeneko salmentarako aukera “bikaina” dela nabarmendu dute denek ala denek. Herritarrek ere baloratu izan dute inguruko ekoizle, abeltzain edota artisauen lana. Guztira 73 postu egon dira, eta herritarrak, eguraldia lagun eta lasai eta pixkanaka, banan-banan bisitatzen joan dira.
Animaliak nahiago zituztenak ere haien txokoa izan dute Urriko Azoka Nagusian. Hain zuzen ere, aurten, bi urterik behin egiten dutenez, Euskadiko Blonda Txapelketa hartzea egokitu zaio Markina-Xemeini. 28. lehiaketa izan da eta 85 buru inguru elkartu ditu, Bizkaiko bi ustiategi eta Gipuzkoako lau ustiategitik. 13 ataleta banatzen dute lehiaketa, adina egoera fisiologikoaren eta sexuaren arabera banatuta eta epaileek atal bakoitza epaitzen dute.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Eguerdirako asko ziren dagoeneko jan-edanak osatuta eta erosketak eginda jai giroan murgildu direnak. Izan ere, gaurko egunean Markina-Xemeinek azoka bera baino askoz gehiago eskaintzen du. Are gehiago gaurko eguraldiarekin. Uni frontoian Bullet Team Series txapelketako finalak jokatuko dituzte 18:00etatik aurrera eta 19:00etan hasiko da Bidez Batez erromeriaren kontzertua Arkupe aurrean.
EUSKADIKO 28. BLONDA TXAPELKETA
- Haragitarako biga onena: Iturbe anaiak V7075
- Hazitik sortutako urruxu onena: Eizmendi Baserriko Tania.
- Urruxa txapeldun ordea: Eizmendi baserriko Paloma
- Urruxa txapelduna: Eizmendi baserriko Tania.
- Ukuilu txapeldun ordea: Maren Arriola.
- Ukuilu txapelduna: Eizmendi Baserria.
- Blonda behiaren pisu asmatzailearen porraren irabazlea: Jon Beitia.
-
5 urtetik gorako behiak txahalik gabe ‘B’: Eizmendi baserriko Laia.
-
5 urtetik gorako behiak txahalik gabe ‘A’: Eizmendi baserriko Olibia.
-
4 urtetik gorako behiak txahalarekin ‘B’: Eizmendi baserriko Nekane.
-
4 urtetik gorako behiak txahalarekin ‘A’: Eizmendi baserriko Paloma.
-
3 eta 5 urte arteko behiak txahalarekin: Eizmendi baserriko Teixa.
-
3 eta 4 urte arteko behiak txahalik gabe: Eizmendi baserriko Tania.
-
30 eta 36 hilabete bitarteko urruxak: Longa Baserriko Uritz.
-
24 eta 30 hilabete bitarteko urruxak: Arriola baserriko Urnu.
-
18 eta 24 hilabete bitarteko urruxak: Eizmendi baserriko Urt.
-
15 eta 18 hilabete bitarteko urruxak: Eizmendi baserriko Venus.
-
11 eta 15 hilabete bitarteko urruxak: Iturberen V7446.
-
9 eta 11 hilabete bitarteko urruxak: Eizmendi baserriko Vilma.
- 7 eta 9 hilabete bitarteko urruxak: Arriola baserriko Ania.
ERAKUSMAHAIETAKO SARIAK:
-
Eskualdeko mahairik onena: Iparragirreko Ortue
-
Eskualdeko 2. mahairik onena: Xemengain.
- Eskualdeko 3. mahairik onena: Baskaran.