Lurdes Ondaro Mallea, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerdietara
Irune Basagoiti Agirrek eta Ibai Amillategi Omaetxebarriak irabazi dituzte azken saioak, asteburuan, Galdakaon eta Getxon, hurrenez hurren. Finalerdietan estreinatuko dira aurtengoan Aissa Intxausti Aburruza eta Xabat Galletebeitia Abaroa.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa fase berri batean sartzear dago: finalaurrekoetako lehen itzulia. Orain arteko sailkapen saio guztiak amaituta, zehaztuta daude finalaurrekoetan parte hartuko duten bertsolariak. Bertan izango dira Lea-Artibaiko hiru bertsolari: batetik, lehen fasetik sailkatu den Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra eta bestetik, 2023ko txapelketako finalistak izateagatik zuzenean finalaurrekoetara sailkatutako Aissa Intxausti Aburruza eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak.
Finalaurrekoetako lehen itzuliak hiru geldialdi izango ditu: lehenengo saioa Zeanuriko Ibarreta frontoian egingo dute, urriaren 26an [domeka], eta hurrengokoak arituko dira kantuan: Intxausti, Aitor Bizkarra Ruiz, Bittor Altube Sarrionandia, Imanol Uria Albizuri, Jone Uria Albizuri eta Oihana Bartra Arenas. Bigarren saioa, berriz, Abadiñoko Probalekuan egingo dute, azaroaren 2an [domeka]. Bertan izango dira kantuan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Enare Muniategi Etxabe, Gorka Pagonabarraga Agorri , Maite Sarasola Isazelaia, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor. Lehen itzuliko hirugarren eta azken saioa Barakaldoko Lasesarre kiroldegiak hartutuko du, azaroaren 9an [domeka]. Horretan ere ordezkaritza izango du eskualdeak, Ondaro izango baita oholtzara igoko direnen artean. Irune Basagoiti Agirre, Onintza Enbeita Maguregi, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal eta Xabat Galletebeitia Abaroa izango dira saioa osatuko duten beste bertsolariak.
Lehen itzuliko 18 bertsolarietatik 12 sailkatuko dira azaroaren 15ean [zapatua] Bermeon eta azaroaren 22an [zapatua] Markina-Xemeinen egingo diren bigarren bueltako saioetara. Bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da nortzuk izango diren final handian izango diren zortzi bertsolariak. Finalaurreko saioetarako zein finalerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean.
Azkenak saioak.
Asteburuan jokatu dituzte lehen faseko azken bi saioak. Zapatuan [urriak 11] Galdakaon lehiatu zuten saioan, Basagoitk lortu zuen garaipena 473 puntugaz. 459 puntu poltsikotaratuta, bigarren amaitu zuen saioa Muniategik eta bost eta hirugarren, berriz, Bittor Altube Sarrionaindiak (452 puntu). Asier Galarza Garai laugarren sailkatu zen 451 puntugaz. Paule Ixiar Loizaga Legarra (440 puntu) eta Araitz Katarain Mugarzak (432 puntu) osatu zuten sailkapena.
Getxoko Muxikebarri Arrigunagak aretoak hartu zuen azken saioa, atzo [urriak 12], eta bertan, 470, 5 puntu bereganatuta, Amillategi izan finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortu zuena. Atzetik geratu ziren, Goiriena (555,5 puntu), Janire Arrizabalaga Munduate (450,5 puntu), Peio Molinuevo Martin (424,5 puntu), Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria (423 puntu) eta Aitor Esteban Etxebarria (406,5 puntu).