Mendieta ontziolan eraikitako azken ontzia Lekeitiora itzuli da
Gaur [urriak 13] goizaldean atera eta eguerdian heldu da Lekeitiora. Euskal Herrian egurrez eraikitako azken ontzietako bat da, “gure itsas ondare kulturalaren pieza esanguratsua”.

Nuestra Señora de Lindes Lekeitioko Mendieta ontziolan 1991n eraikitako azken ontzia da. 34 urtez baxurako arrantzan aritu ondoren Lekeitiora itzuli da. Gaur [urriak 13] goizaldean atera da Kantabriako San Vicente de la Barquera herritik eta eguerdirako heldu da.
Bustamante Cortabitarte familiak ontzia Bilboko Itsasmuseumi eman dio, “Bizkaiko itsas kultura berreskuratu, babestu eta transmititzeko” lan egiten duen museoa baita. Euskal Herrian egurrez eraikitako azken ontzietako bat da, “gure itsas ondare kulturalaren pieza esanguratsua”. 16 metroko eslora, 4,30 metroko zabalera, 2 metroko puntala eta 25 tonako gaitasuna ditu.
Gau osoan bidaiatu ostean, Kulixka izeneko yatea izan du zain, porturako sarreran laguntzeko. Lehorreratu ondoren, gainaldeko zenbait elementu kenduko dizkiote –zubiaren egitura, aparejuak eta espardela, besteak beste–, Mendietan botatako egurrezko kaskoa bere jatorrizko itxuran uzteko.
Ondoren, berritutako Mendieta Ontziolako karroan jarriko dute, “Lea ibaiaren inguruko ontzigintzaren interpretazio hobea eskaintzeko”. Izan ere, Lea kostaldeko arrantzaleen eta erriberako arotzen jardunaren gune nagusietako bat izan da mendeetan zehar.
Proiektua Itsasmuseum, Lekeitioko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Lakuako Portuak eta Itsas Gaiak Zuzendaritzaren arteko elkarlanaren emaitza da. Halaber, parte hartu dute Isuntza Arraun Elkarteak (‘Kulixka’-ren jabea), Juan Antonio Apraiz Zallok (Bizkaiko itsas kulturaren aditu eta ekimen honen sustatzaileak) eta Bilboko Itsas Kapitaina, Patxi Garcia Lascurainek.