Europako arauetara egokitzeko, hondakin sistema berrituko dute
Hilabete amaierara arte informazio puntuak jarriko dituzte Lea-Artibai Mankomunitateko herrietan. Azaldu dute araudietara heltzeko “modu bakarra” direla hondakinak biltzeko eta garraiatzeko sisteman egokitzapenak egitea.

Lea-Artibai Mankomunitateak denbora darama hondakinen inguruko hausnarketa bideratzen. Izan ere, Europak legedia zorroztu egin du. Europako legediak %65ean ezarri du birziklatze-tasen helburua 2025erako. 2030ean, aldiz, helburu hori betetzea “ezinbestekoa” izango da eta, hori horrela, eskualdea prest egon behar da ordurako. “Azkenaldian, elkarlanean, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu. Eskualdeko herritarrengan ahalik eta eragin txikiena duten irtenbideen bila aritu gara”, azaldu dute Mankomunitatetik.
2024ko datuen arabera, %43ko birziklatze tasa du Lea-Artibaik. Hau da, hondakinen %57 errefusara botatzen da, nahiz eta ondo birziklatuz gero balio horrek %15ean kokatu beharko lukeen. “Errefusara botazen ditugun hondakinen %78a ez da behar bezala sailkatzen. Birziklatu beharreko 4.300 tona lehengai erretzen ari gara. Hondakinen kostu totala 1.500.000 eurokoa da. Horietatik, 962.000 euro errefusa biltzeko eta tratatzeko dira eta gainontzeko 538.000 euro beste hondakinen kudeaketarako”, zehaztu dute Mankomunitateko ordezkariek.
Hau da, gaur egun helburuetatik “urrun” daude. Helburuak betetzen ez badira, kostuak handiagoak izango dira herritarrentzat. Azaldu dutenez, birziklatze gastuaren osotasuna herritarrei kobratu behar zaie tasen bitartez eta, aurreikuspenen arabera, errefusaren tratamenduaren kostuak handitzen jarraituko du. “Egoera hori irauli nahian eta egungo zein etorkizuneko belaunaldientzat bizi kalitate hobea bermatzeko Lea-Artibai Mankomunitateak aurrerapausoak eman ditu hondakinen kudeaketan”.
“Errefusara botazen ditugun hondakinen %78a ez da behar bezala sailkatzen”
Orain arte diagnostiko orokorrak egin zituzten datu kuantitatibo eta kualitatiboak eguneratutako izateko, hondakinen sailkapenaren garrantziaz jabetzeko ekintzak egin dituzte, informazio kanpainak egin dituzte etxez etxe eta hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuaren oinarri teknikoak eta administratiboak ere onartu dituzte.
“Zerbitzu berriak errefusa murriztea eta birziklatze-tasa handitzea izango ditu helburu nagusi. Neurriok funtsezkoak izango dira hondakinen araudi berrietara eskualdea egokitzeko eta eskualdea jasangarriago bihurtzeko. Horrek, gainera, herritarrei ezarri beharreko tasak ahalik eta txikienak izatea ahalbidetuko du”, diote.
Berritasunak
Orain arte hondakinak biltzeko eta garraiatzeko sisteman egin dituzten egokitzapenen artean daude hondakin guztiak sailkatu behar izana, adibidez. Horrez gain, organikoa etxeko edo auzoko konpostajearen bidez eta bosgarren edukiontziaren bidez bilduko da. Herriz herri kanpaina desberdina izango da, herri bakoitzaren ezaugarrien araberakoa. Batetik, herri txikietan eta auzo guneetan, jada hasi dira hondakin organikoa etxeko edo auzoko konpostajearen bidez biltzen. Bestetik, herri guneetan, aldiz, bosgarren edukiontziaren bidez biltzen hasiak dira.
Organikoaren eta errefusaren edukiontziak, biak, itxi egingo dituzte. Hondakinak norbere auzoko edukiontzietan sailkatu beharko dira, horretarako, etxebizitza bakoitzak txartel bat izango du eta haren bidez irekiko dira edukiontziak. Errefusaren edukiontzia astean bitan ireki ahal izango da. Hori bai, haurrak eta helduak dituzten familiek errefusaren edukiontzia behar dutenean zabaltzeko aukera izango dute. Organikoaren edukiontziaren kasuan, egunero zabaldu ahalko da. Sortzaile handiei eta industriari hondakinak gaika atez ate bilduko diete.
Informazio hori guztia azaltzeko eta zalantzak argitzeko kaleko informazio puntuak jarriko dituzte hurrengo asteetan herriz herri. Izan ere, aurreikuspenen arabera, hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzua urte berriarekin batera abian izan nahi dute. Herritarrak informatuta izan nahi dituzte: “Hondakinak ondo sailkatzen baditugu, birziklatze-tasa igo eta ingurumen-kalteak murriztuko ditugu, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat bizi kalitate hobea bermatzeko eta herritarrei ezarri beharreko tasak ahalik eta txikienak izateko”.
Hurrengokoak dira informazio puntuak herrika:
-
Lekeitio: urriaren 16tik 18ra, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Eskolapean.
-
Berriatua: urriaren 20aa, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, plaza kasko ingurua.
-
Etxebarria: urriaren 21ean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, plazan.
-
Ispaster: urriaren 22an, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, plazan.
-
Ziortza-Bolibar: urriaren 23an, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, plazan.
-
Markina-Xemein: urriaren 24an, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Goiko Portalan. Urriaren 25ean, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etan, Arkuetan.
-
Ondarroa: urriaren 30ean, 09:00etatik 13:00etara, Alamedan eta 16:00etatik 20:00etara, Turismo Bulego ondoan. Urriaren 31n, 09:00etatik 13:00etara, Kamiñazpin eta 16:00etatik 20:00etara, haurtzaindegi parean.