"Palestina libre izateko eskubidea errespetatzen dela bermatu behar du munduak"
Genozidioa ez dela amaitu salatu dute ehunka herritarrek, Gernika Palestinak deitutako mobilizazioetan, eta Palestina babestu behar dela azpimarratu dute.

Etxera itzuli, baina etxe arrastorik ez. Harriak, hautsa, hutsa, tranpak, oroitzapenak, malkoak. Inoiz itzuliko ez dena begi bistan dute palestinarrek. Baina, hala ere, itxaropentsu daude. Euren etxeen hondakinak genozidioaren froga dira, herri nekaezinaren metafora. Orduan, etxera bueltatu zertarako? Zelan eta noiz arte izango den jakin barik? “Irtenbiderik gabeko itxarobidean” daude palestinarrak, baina pozarren. Hala ere, genozidioa ez dela Trumpek diseinatu duen akordioarekin amaitzen salatu dute gaur Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Mutrikuko burrunbadetan bildu diren ehunka herritarrek. Genozidioa “keinu bakoitzean indarrean” dagoela azpimarratu dute Gernika Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioetan bildu direnek: “Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, zuzenean ikusteko aukera daukaguna baieztatu digu: Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa”.
Kanpotik ikusita, ezer ez duenak “begi onez” ikusten duela “nolabaiteko akordioa” esan dute, baina galderak ere badituztela gehitu dute: “Nazioarteko komunitateak ardura hartuko al du? Nola liteke XXI. mendean halako inpunitate sadikoa? Zein markok arautzen du nazioarteko harreman desorekatua? Nork bermatuko die palestinarrei etxe birrindutara itzultzeko eta berreraikitzeko eskubidea? Palestina libre izateko eskubidea errespetatzen dela bermatu behar du munduak”.
Palestinarrek “zuhurtziaz” jokatu behar dutela badakitela esan dute mobilizazioetan, sionistek “edozein momentutan” sinatutakoa albo batera utz dezaketela esanda: “Guk ere badakigu basapiztia sionistak edozein momentutan sinatutakoa albo batera utz dezakeela. Baina, sasien artean eta sasi guztien gainetik, etxera izeneko txikizio esparrura itzuli dira, esperantzara kondenaturik, kontziente izanik edozein momentutan Israelek akordioa betetzeari utz diezaiokeela”.

Argazkia: Berriatuko EH Bildu.
Genozidioa ez da amaitu, eta salatu dute genozidioa “keinu bakoitzean indarrean” dagoela, semantikan ere bizirik dirauela: “Jarraitzen du preso eta bahitu ahoskatzen den bakoitzean. Presoak eta harrapatuak desberdintzen ditugun bakoitzean. Hedabideek 20 familien poza zorionik gabeko ehunka ebakuatuekin alderatzen duten bakoitzean”.
Izan ere, Isralek 1.968 palestinar bahitu kalean utzi ditu, etxera buelta daitezen, baina etxerik eta senideen arrastorik barik. Gainera, jakinarazi dute azken bi urteetan 77 palestinar hil direla Israelgo atxilotze guneetan, eta 10.000 inguruk preso jarraitzen dutela, horien artean 360 adingabekoak dira, “haurrak direla ez esateko”.
Eta, galdegin dute: “Nola da posible nazioarteko araudiak eta diplomazioak nabarmenki porrot egin izana? Nola utzi dugu utzikeria puntu honetara iristen?”. Ondorioz, egoera hau “berriro beste inon ez gertatzeko” bermeak behar direla eskatu dute, honek sistema “guztiz inperfektuaren” autokritika sakona eskatzen duela iritzita.
Orain zer?
Bake ituna sinatuta, “orain inoiz baino gehiago” indar eta begi guztiak Palestinarengan jarri behar direla adierazi dute Gernika Palestina herri ekimeneko kideek, Palestina babesten jarraitu behar dela esanda: “Palestina maitatzen jarraitu behar dugu, gaur bezala, gure indar xume eta duin guztiarekin”. Palestinaz berba egiten jarraitu behar da Palestina bigarren plano batean ez geratzeko, “arriskua errotik” uxatzeko: “Babes eta mobilizazio sozialari eusteko milaka arrazoi daude, suntsitutako adreilu bakoitzeko bana”.
Baina, ez hori bakarrik: Israel isolatu behar dela azpimarratu dute. “Israel isolatu behar dugu pentsaezinak diren arlo nagusi eta detaile txikietan ere. Maila diplomatiko, komertzial eta kulturalean, kirol mailan, instituzioetan, unibertso akademikoan… Okupazioa, apartheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak amaitu arte, eraikiko den tren bakarra askatasunarena izan dadin”, gehitu dute.
Protesta egiteak balio duelako egin dute aldarria. Uste dute munduan zehar egindako mobilizazio sozialek akordioaren “pakidermoa mugitzeko balio” izan dutela, baita Euskal Herrian egindako aldarriek ere: “Puzzle horretan, Euskal Herria harrokeriarik gabeko abangoardia izan da eta mundu osoarentzat elkartasun eredu, gurean ere pauso gehiago ematea ezinbestekoa den arren”.
Hala, Palestina babaestu behar dela adierazi eta azpimarratu dute, Gazan, Zisjordanian, kanpamentuetan eta espetxeetan palestinarrak babestu behar direla. Horretarako, baina, urgentziazko neurriak aplikatu behar dira: laguntza humanitarioa biderkatu, presio militarra desagerrarazi, sektore zaurgarrienen zaintza landu, oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraiki, desplazatutakoak sorterrira eroan… “Babestu hitzak gakoa behar du izan”, aldarrikatu dute.
Palestina eta palestinarrak babestu behar direla diote, “euren etorkizuna eurek erabaki” dezaten. “Palestina entzun behar dugu eta palestinarren hitza errespetatua izan behar da. Guri konpromisoak hartzea dagokigu, bakoitzak Palestina babesteko egin dezakeen hori egiteko momentua delako. Horregatik, Euskal Konpromisoa osatuko dugu, herriz herri, egunez egun. Egiten den guztia gutxi da, baina egin dezagun, egunero, indar guztiekin, egin dezagun badaezpada. Egin dezagun, sorterrira itzultzea herri libre bat eraikitzeko urrats sendoa izan dadin”.
https://x.com/GerPalesti2023/status/1978542827479978032