Markina-Xemein eta Berriatua nagusi, Durangoko 40. San Fausto Txapelketan
Ezkurdi Jai Alai frontoiak zesta puntako kluben arteko Nazioarteko Txapelketako finalak hartu ditu.

Durangoko San Fausto jaietako zesta-punta txapelketa inguruko famatuenetakoa da. 40. txapelketako finala jokatu berri dituzte eta eskualdeko zesta eskolak beste behin nagusi izan dira. Mutilen gazte mailan Berriatuko Uribesalgo-Aratz bikoteak irabazi zuen finala Markina-Xemeingo Jokin-Kirmen bikotearen kontra: 2-0. Ondoren emakumeen txanda izan zen eta Berriatuko eskolako bi bikotek neurtu zituzten indarrak: Batetik, Ihart Arakistain eta Maia Goikoetxea eta, bestetik, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal. Lehendabizikoek jantzi zuten txapela.
Azken finalean, gizonen 25 urtez azpikoan, maila oso altuko bi bikote izan ziren aurrez aurre: batetik, Javier-Atain markina-xemeindarrak, eta, bestetik, Paueko Bonnin-Caparrus bikotea, finalerdian txapelketako partidarik onena jokatu zutenak. Protagonistek ez zuten hutsik egin eta goi mailako ikuskizuna eskaini zuten. Hirugarren setean erabaki zen finala Lea-Artibaikoen alde. Nagusien mailako garaipenagaz, Markina-Xemeinek San Fausto txapelketako sailkapen historikoan zuen abantaila handitu du. Aurtengoagaz zortzi bider irabazi du nagusien mailan, ondoren, Berriatua eta Gasteiz daude sei garaipenegaz.