Xabat Lertxundi Aiertza: "‘Ziklope’ aurrera atera izana lorpentzat sentitzen dut"
48. Euskal Zine Bileraren baitan, Xabat Lertxundi berriatuarrak bere lehen film labur «serioa» aurkeztuko du zapatuan [urriak 18], 12:00etan, Ikusgarrin. Aktore ondarrutarrak ditu bidelagun, baita Itziar Ituño ere.
Nondik datorkizu ikus-entzunekiko gustua?
Umetatik erakarri naute mugimenduan dauden irudiek eta laguntzen dien soinu zein musikak. Gogoan dudan lehen filma, King Kong zuri-beltzeko lehen bertsioa da. Horrez aparte, nire etxean beti egon da arte plastikoetarako eta literaturarako zaletasuna eta ofizioa.
Nolakoa izan da orain arteko zure ibilbidea?
Arte Ederrak eta Irakaskuntza masterra ikasi ditut. Ikus-entzunezko adarretik jo nahi nuen, eta fakultatean egin nituen lehen lanak. Musika ikasten ere ari nintzenez, ikaskide izan nituen Paul Urkijoren eta Aitor Oinederraren film laburretarako musika konposizioak ere egin nituen. Jerry Goldsmith sarietarako hautagai izendatu ninduten, Jugando con la muerte-ren musikagatik eta Indiako Int. Youth Film Festival Shimla saria jaso nuen, Monsters Do Not Exist film laburrerako egindakoagatik. Gero, Urkijoren Errementari film luzerako musika banda sortzen hasia nintzen, baina ezin izan nuen burutu, lana eta aitatasuna sormen lanarekin partekatzea guztiz ezinezko bihurtu zitzaidalako. Arantza hori geratu zitzaidan. Deustuko Unibertsitatean bideo didaktikoak ekoizten egiten dut lan, eta oso interesgarria izan arren, nire istorioak sortzea eta kontatzea faltan botatzen nuen, eta momentua iritsi zela sentitu nuen.
Orain arte musika landu izan duzu gehiago, nolako lanak gustatzen zaizkizu?
Bai, gaztetan biolina ikasi nuen, eta gero, zinemarako musika. Dena dela, neure burua sortzailetzat dut; musika edo zinea egitea, idaztea… Adierazteko kanalak dira, norbere burua eta mundua ezagutzen eta ulertzen laguntzeko bitartekoak. Gustuak aldatzen joaten dira, eta ezeri aterik ez ixten eta etiketak alboratzen ikasi dut denborarekin. Gogoeta eragitea atsegin dut; normalean hotzera, ilunera, jotzen dut, soiltasunerat. Gustuko ditudan lanak askotarikoak dira, baina egia da lan batzuk beste batzuk baino arrasto handiagoa uzten dizutela. Urrun joan gabe, Aitzol Aramaio zenaren Terminal film laburrak ere txunditurik laga ninduen ikasle garaian, berton ere gauza interesgarriak kontatu eta burutu ahal zirela ikusarazi baitzidan.
Ziklope da zure lehen zuzendari lana. Zelan egin diozu aurre?
Zuzentzen dudan lehen fikziozko lan serioa da, bai. Gauza asko ikasi behar izan ditut modu autodidaktan, eta ondoan izan dudan lantaldeak asko erraztu dizkit gauzak. Oso pozik nago egin duten lanarekin, aurrekontu murritzarekin lan oso txukuna egitea lortu dugulakoan nago. Asteburu batean eta iluntze batean grabatu genuen dena. Ondorengo lanetarako, muntaia, musika… neuk denbora hartzea izan da zailena.
“Nire istorioak sortzea eta kontatzea faltan botatzen nuen, eta momentua iritsi zela sentitu nuen”
Bestelakoetan parte hartu izanak lagundu izan dizu?
Besteentzako musika egin dudanean, gehienetan, errodajeetan egon izan naiz, eta saiatu naiz departamentu bakoitzeko jendea eta euren ofizioa gertuagotik ezagutzen. Grabazio estudioetan ibili naiz, eta neurea ere badaukat aspalditik. Horrek asko laguntzen du, baita ikusten, entzuten eta irakurtzen duzunak ere.
Zer izan da zuretzako gidoia idaztea eta zuzendari izatea?
Bakarkako lanera ohituta, asko disfrutatu dut, talde-lana oso aberasgarria izan delako eta partaide guztien jarrera eta lana bikaina izan delako. Zinea ezer bada, talde-lana da. Sufritu ere egin dut tarteka, laburra izan arren lan handia eskatzen duelako eta diru laguntzarik gabe aurrekontu murritza izatean, ardura asko hartu behar izan ditudalako neure gain. Baina onik iritsi gara portura, eta pozik.
Zer da Ziklope?
Filma Colombiako Erika Castañedaren La conversacion ipuin laburrean oinarrituta dago. Hark bere parajean kokatzen zuen, eta nik gure lurrera eta gure hizkuntzara ekarri dut istorio berria, Ziklopek kontatzen duena hemen ere gertatzen delako, zoritxarrez. Gehienak barruko irudiak dira, eta Durangoko atletismoko pistan grabatu genuen zatia kenduta, Berriatuan, etxean, grabatu genuela ia film osoa, aurrekontuagatik, denboragatik eta etxean espazio egokiak prestatzeko aukera neukalako.
Aktore asko ere bertokoak dira. Zergatik egin duzu haien aldeko apustua?
Etxe ondoan halakoak izanda, zertarako urrunago bilatu. Bertoko harrobiari ere etekina atera behar zaio! Gainera, Ondarroako aktoreek badute indar berezia, kresalagatik edo. Carlosen papererako aproposa ikusten nuen Ugaitz Alegria, eta asmatu dudalakoan nago. Itziar Ituñorekin kimika bikaina du setean, filmatzean denok nabaritu genuen euren arteko energia berezia. Ainhoa Etxebarriarekin ere erraz lan egiten da, eta bikain bete du bere papera. Irene Aranbarrirentzat debuta izan da, eta Aitor Mendilibar argazki zuzendariak harrituta galdetu zidan ea non aurkitu nuen talentu gaztea. Paper txikia baina garrantzitsua bete du, oso fin. Ugaitzen
eskarmentuak eta taktu handiak asko lagundu dute giroa samurtzen eta tentsioa baretzen, sentsibilitate handiz kontatu beharreko bien arteko eszenaren filmaketan. Filmeko beste aktoreak ere sarri ikusi ahal dituzue gure eskualdean.
Itziar Ituño ere zure esanetara izan duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Itziar Ituño protagonistatzat edukitzea luxu bat izan da, bere aktore dohainengatik, baita bere nortasun eta gizatasunagatik ere. Umiltasunaren eta lan onaren master classa eman dit. Asko eman dio lanari, baita niri ere. Aurre irakurketa bakar bat egin nuen berarekin eta Ugaitzekin, eta nahikoa izan zen zer nola kontatu nahi nuen jabetu eta Cristina eta Carlos pertsonaien larruan sartzeko. Filmaketaren lehen egunean, eszenarik zailenean, guztiz eraldatu ziren pertsonaietan; magia hutsa izan zen, ia ez nuen moztu beharrik izan. Gauzak horrela doazenean, ahalik eta gutxien esku hartu beharra dagoela ikasi dut, beraien elkar-ulertze edo bat-etortzea ez mozteko, beharrezkoa denean bakarrik.
Zelakoa izan da Ziklope sortzeko prozesua?
Lehen aipatutako Castañedaren ipuinean, nire interesa piztu zuten klabe batzuk aurkitu nituen. Hartan oinarritu nintzen 380 graduko bira eman, eta istorio berria idazteko. Ondoren, mundua hankaz-gora jarri behar izan nuen abuztuko lehen asteburuan dena grabatzeko. Ituñok egun bi horiek zituen libre, eta ezin nuen aukera galdu. Larri ibili nintzen dena prestatzen, baina primeran atera zen. Gero, urte osoko laborategiko lana izan da. Filmaren edizioa eta musika konposizioa eta haren ekoizpena Berriatuan dudan estudioan egin ditut. Efektu bisualak eta soinu muntaia eta nahasketak, berriz, Zarauzko beste bi estudiotan egin ditugu eta kolore zuzenketa Bilbon. Horrela esanda, pentsatu daiteke jende asko dagoela atzean, baina dena familia giro xumean eta lantalde murritzarekin egin da.
Zer esan nahi du zuretzat Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartzeak?
Euskaraz egiten den zinemaren topaleku garrantzitsu bakarrenetarikoa da Euskal Zine Bilera; euskal kulturaren harribitxi bat. Umetatik joan izan naiz ahal izan dudan guztietan, gurasoekin lehenik, eta hemendik aurrera alabek gustuko badute, beraiekin joateak ilusioa egingo lidake. Zaindu eta babestu egin behar ditugu horrelako ekintzak; berebiziko garrantzia dute gure herria, gure kultura eta gure hizkuntza bizirik nahi baditugu.
Nolako harrera espero duzu?
Ziklope aurrera atera izana lorpentzat sentitzen dut, eta jendeak ikustea eta baloratzea nahiko nuke, ikusleari gogoeta eragin edota barruak mugiarazteko asmoarekin egindako filma delako. Eta sariren bat badator, gustura jasoko dugu, lantaldeari gehiago eskertzeko eta ondorengo proiektuei bidea errazteko izango delako. Ekoizpen potenteak daude, eta haien artean lana aurkeztea garrantzitsua da.
