Arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia aztertu dute
Joan den eguenean eta barikuan [urriak 16 eta 17] egin zen 'Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean' topaketa Azpeitian. Lea-Artibai euskararen arnasgune izanik, bertan izan ziren hainbat herritako udal ordezkariak.

Joan den eguen eta barikuan [urriak 16 eta 17] Azpeitiko Soreasu antzokian egin zen Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko topaketan parte hartu zuten Lea-Artibaiko hainbat udaletako ordezkari politiko eta teknikoek. Hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneek jokatzen duten papera aztertu zuten topaketan, eta Lea-Artibai euskararen arnasgune izanik, udalek adierazi dute “hainbat erronka” dituztela mahai gainean.
Hain zuzen ere, topaketa ondorioen irakurketarekin amaitu zen. Besteak beste, Miren Segurolak (UEMA) hartu zuen hitza: “Beste behin ere agerian geratu da hipotesiez eta usteez harago, ikerketek eta estatistikek argi erakusten dutela arnasguneak ezinbestekoak ditugula aurrera egingo badugu, bai munduko hizkuntza gutxituetan, eta baita Euskal Herrian ere”.
Adierazi zuen 60ko hamarkadatik indarberritze ahaleginetan “asko aurreratu” dutela, baina ez ordea, euskara nagusi izango lukeen lurralde eremua sendotzen: “Alderdi hori ez da lehentasunen artean egon eta sendotu beharrean, arnasguneak ahultzen ari dira. Proiekzioek are ondorio ilunagoa iragartzen diete eremu hauei”. Hala, arnasguneak desagertuz gero biziberritze prozesuan “asko” egingo dutela atzera nabarmendu zuen, eta hori gertatu ez dadin, arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan ipini behar direla: “Arnasguneek Euskal Herria euskalduntzeko trakzio lana egitea ahalbidetuko duen estrategia marraztu behar dugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta martxan jarri. Arnasguneetan hasi, eta eremu erdaldunetara iritsiko den lurralde estrategia”.
Helburutzat hori hartuta, arnasguneek hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbidetuko duen lege babesa behar dutela aldarrikatu zuen: “Erdarek janda dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, hiztun berriak erakartzeko eta eremu horren garapen jasangarria sustatzeko politika eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz eta norbanakoei begira baino komunitateari begira egingo diren politikak. Politika transbertsalak: demografiari, ekonomiari, lurralde antolaketari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu”.