Eliterik onena zein den erabakiko duen lehia abian da
Elite Mailako Zesta-Punta Txapelketa hartzen ari da Miruaitz frontoian. Lehen ligaxka jardunaldiak jokatu zituzte, eta zenbait puntista hautagai direla frogatzen hasi dira.

Abian da Mutrikuko Elite Mailako Zesta-Punta Txapelketa. Azaroaren 14a bitarte, Euskal Herriko puntalari trebeenetako zenbait indarrak neurtzen ari dira Miruaitz pilotalekuan, elite mailako buru zein izango. Iragan barikuan [urriak 17] eta domekan [urriak 29], txapelketaren lehen jardunaldiak lehiatu zituzten, eta biek ala biek “jarraipen ederra” izan zuten, “batez ere barikukoak”, Danok Bat taldeko antolatzaileek azaldu modura.
Elite mailako lehiaren xehetasunik esanguratsuena da, aurrera egiterakoan, garaipena eskuratzea ez dela aintzat hartu beharreko alderdi bakarra: tantoen araberako puntuazio sistema ere badago, txapelketak aurrera egin ahala “erabakigarria” izan daitekeena, puntu gehien patrikaratzen dituztenek egingo baitute lehian aurrera. Partidu bakoitzeko, 100 puntu banatzen dituzte; irabazleek 60 jasotzen dituzte, baina galtzaileek, hogeitik gora egitea lortuz gero, 40 puntu lortzen dituzte; hamar puntura helduz gero, hogei puntu eskuratzen dituzte, galtzaileek; 10 tantoen langara iritsi ezean, berriz, tantorik ez dute biltzen. Ez hori bakarrik: bikoteak ez dira finkoak. Pilotariek txandapasa egiten dute elkarren artean, eta horrek “bizitasun eta erakargarritasun erantsiak” ematen dizkio txapelketari.
Lehen jardunaldi biek denetarik eduki zuten: partidu estuak hastapenetik gidoi argiagoa izan zutenekin uztartu ziren. Gizonezkoen bina eta emakumezkoen bana jokatu zituzten. Antxon Alberdi eta Ortzi Aldazabal Argoitia Zuhaitz Arrillagaren eta Danel Mandiolaren aurka elkartu zituen neurketa izan zen estuena. Azken tantoan kale edo bale egin behar izan zuten bi bikoteek, eta azkenean 29 eta 30eko markagailuarekin nagusitu ziren Arrillaga eta Mandiola.

Argazkia: Danok Bat.
Bigarren norgehiagokak Helena Barrenetxea eta Eneritz Lizardi Elaia Gogenolaren eta Alize Arriagaren aurka jarri zituen. Partidu hartan ez zen ezustekoetarako tarte handiegirik egon, argitu dutenez: “Barrenetxeak eta batez ere Lizardik ez zuten egunik distiratsuena eduki, eta uneoro korrontez kontra ibili behar izan ziren; Gogenola, ostera, nahieran ibili zen, eta Arriagak euste lan itzela egin zion atzealdeko koadroetan”. Markagailuan 22tara berdinduta joatera iritsita ere, azken tantoetan Gogenolak urrats bat aurrera egin zuen, eta hark garaipena 22 eta 30 lortzeko balio izan zien. Gizonezkoen azken partiduak ere ez zuen “misterio handirik” eduki: Julen Basterra Txanika eta Ander Ureta malgutasunez gailendu ziren Amets Aldazabalen eta Iker Zarandonaren aurka: 30 eta 12.
Bigarren jardunaldia.
Domekan ere egon zen partidu ederrez gozatzeko paradarik. Aimar Agirrek eta Asier Ontoriak Martin Ormaetxea Zelaia eta Eñaut Salegiren kontra neurtu zituzten indarrak. Salegiren eskarmentua gako izan zen partidu osoan, eta 22 eta 8 gailentzeko balio izan zien. Ihart Arakistain eta Oaia Otañok ere, lanak izan zituzten Maite Ortiz de Mendibilen eta Maialen Aldazabalen aurkakoan: hogeira arte parekatuta joan ziren, baina bigarrenek 22 eta 30 nagusitzea lortu zuten. Azken partiduan, Haritz Egaña eta Oier Diaz Urko Lekerikaren eta Aitor Andonegiren aurka aritu ziren. Partidu “ezin estuagoa” izan zen: “Partidu polita izan zen oso; uneoro berdinduta ibili ziren, eta azkenean Egañaren eta Diazen alde jo zuen garaipenak, 30 eta 28.
Hurrengo jardunaldiei dagokienez, “aurreikuspen handiekin” ekingo diete. Bigarren ligaxka jardunaldia izango da hurrengoa, eta jarraian finalaurrekoak eta final handia jokatuko dituzte.