Euskal Herriko 35. Hiru Txirlo Txapelketako bigarren jardunaldia, Lander Odiagarentzat
Iruzubietan jokatu dute bigarren jardunaldia, eta zazpi txirlogaz, lehenengo postua lortu du Odiaga markina-xemeindarrak. Atzetik Angel Ibarluzea geratu da, beste zazpi txirlogaz, eta hirugarren postua Nekane Anta berriatuarrak lortu du, sei txirlogaz.

Bizkaiko 34. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa amaitu eta berehala eman zieten hasiera bolariek Euskal Herriko 35. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketari. Lehenengo jardunaldia urriaren 11n egin zuten Aramaioko Untzillan, eta zapatuan [urriak 18] Iruzubietako bolatokiak hartu zuen txapelketa.
Guztira 81 bolarik hartu zuten parte zapatuko jardunaldian, eta lehia estua izan bazen ere, garaipena ez zen urrutira joan. Izan ere, Lander Odiaga MX3T taldeko markina-xemeindarrak lortu zuen garaipena zazpi txirlogaz; Angel Ibarluzea San Miguel taldeko kideak ere, zazpi txirlogaz, bigarren postua lortu zuen. Podiuma Nekane Anta MX3T taldeko berriatuarrak osatu zuen, sei txirlogaz, eta kopuru berberagaz geratu zen laugarren postuan Jose Antonio Nuñez San Andres taldeko soraluzetarra ere, beste sei txirlogaz. Bosgarren eta seigarren postuetan geratu ziren, bosna txirlogaz, Oskar Arrizabalaga (Etxaguen) eta Olatz Arano (MX3T) markina-xemeindarra.
Hurrengoak. Bigarren jardunaldia atzean utzita, beste hiru jardunaldi eta finala geratzen zaizkie bolariei. Urriaren 25ean Soraluzeko Ezozi bolatokian, azaroaren 8an Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokian eta azaroaren 15ean Elgetako bolatokian jokatuko dituzte hurrengoak, denak ere, 17:00etan. Azkenik, finala azaroaren 22an izango da, Aramaioko Etxaguen bolatokian, 12:00etan.
- Urriak 11. Untzilla (Aramaio), 17:00etan.
- Urriak 18. Iruzubieta (Ziortza-Bolibar), 17:00etan.
- Urriak 25. Ezozi (Soraluze), 17:00etan.
- Azaroak 8. Lauzirika (Markina-Xemein), 17:00etan.
- Azaroak 15. Elgeta, 17:00etan.
- Azaroak 22. Finala: Etxaguen (Aramaio), 12:00etan.