II. Berdintasun Plana diseinatzeko etxebarritarren iritziak entzun nahi dituzte
Etxebarriko Udalak galdetegi labur eta anonimo bat prestatu du herritarren iritziak biltzeko; azaroaren 7ra arte bete daiteke.
Etxebarriko Udalak martxan ipini ditu herriko I. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta II. Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua. Hala, herritarren iritzia entzun nahi dute hurrengo pausuak eman aurretik: “Herritarren ekarpena ezinbestekoa da”. Horretarako, galdetegi labur bat prestatu dute. Herritarren iritziak modu anonimoan bilduko dituzte; galdetegia sare sozialen bitartez zabaldu dute, eta betetzeko azken eguna azaroaren 7a izango da.
Udal ordezkariek ezinbestekotzat jo dute Berdintasun Plan bat edukitzea: “Gaur egun, oraindik ere ez dugu lortu emakume eta gizonen arteko desberdintasunarekin amaitzea. Eta sarritan entzun daiteke emakumeak baldintza txarragoetan bizi direla, indarkeria matxista pairatzen dutela, lanetan genero arrakalak dirauela, genero estereotipo tradizionalak ere hor daude, eta beste hamaika kontu. Horrekin amaitzeko ezinbestekoa da gure herrietan, lanetan nahiz beste hainbat esparrutan berdintasun plan bat edukitzea”. Hala, herrian ere bide horretan aurrerapausuak emateko, herritarrei galdetegia betetzeko eskaera egin diete.
Lau urterako plana. 2020an diseinatu zuten lehenengoz Etxebarriko I. Berdintasun Plana, eta lau urtez egon da martxan. Hala, 2025a amaitzen denerako diseinatuta edukiko dute II. Berdintasun Plana udalak eta Parekidetasun Batzordeak, Murgibe berdintasunerako aholkularitza taldeko kideen laguntzagaz.
Murgibeko ordezkariek azaldu dutenez, II. Berdintasun Plana egiteko, galdetegiaz gain, beste hainbat ekintza egingo dituzte. Besteren artean, hainbat elkarrizketa egingo dituzte, eta baita talde dinamikak ere. Herritarren iritziak eta proposamenak ere galdetegiaren bitartez jasota, 2026tik 2029ra (biak barne) egongo da martxan II. Berdintasun Plana.