Ispasterko baserrietako bisita gidatua errepikatuko dute
Zapatuan [urriak 25] egingo dute, 10:00etan aterako dira herriko plazatik.

Ispaster Bizkaiko landa arkitektura tradizionalaren museo bizia da; izan ere, Bizkaiko eta Euskal Herriko baserririk zaharrenak, hobekien kontserbatuak eta estilo askotarikoenak ditu. Ondare Jardunaldien baitan, iaz bisita gidatua egin zuten baserrietatik eta erantzuna “ezin hobea” izan zen. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta guzti parte hartu zuen.
Egitasmoa errepikatzeko prest agertu ziren Ispasterko Udaletik, eta aurten ere antolatu nahi izan dute. Zapatuan [urriak 25] egingo dute, 10:00etan aterako dira herriko plazatik. Anartz Ormaza kultur ondareko espezialista arkitektoa izango da irteeraren gidaria. Ibilbidea herri bideetatik igaroko da, hainbat arkitektura-estilotako adibide ederrak diren baserriak ikusteko: estilo gotikoa, neoeuskalduna, errenazentista, barrokoa eta neoklasikoa.