Kulturartekotasun astea ospatzen ari dira Lekeition
Uemak deituta, Lekeitioko Udalak, eskolak, ikastolak eta musika eskolak hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean.

Uemak 2021-2022 ikasturtean Zaldibian abiatu zuen Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa eta orain Lekeitiora heldu da. Hain zuzen ere, Lekeitioko Udalak, Azkue Ikastolak, Herri Eskolak eta Musikaia musika eskolak bat egin dute eta astion hainbat ekintza antolatu dituzte.
Hasteko, Uema aste guztian zehar tailer desberdinak eskaintzen ari da herriko hezkuntza zentroetan. Astelehenean [urriak 20] Ispiluari begira tailerra eraman zuten aurrera Ikastolan eta barikuan [urriak 24] eskolaren txanda izango da. Horrez gain, astean zehar hizkuntzen mapa izeneko dinamikak gauzatzen ari dira.
Eguaztenean [urriak 22] Aldarriak dokumentala proiektatuko dute DBH3 eta DBH4 mailako ikasleentzat Ikusgarri zinema aretoan. Bertan, Lekeition bizi diren etorkinen bizipenak agertzen dira. Lana Voces que migran proiektuaren barruan sortu da. “Ahots adierazpenaren inguruko tailer batetik jaio zen, migratu duten emakumeetan eta genero disidente direnengan pentsatuta. Tailer haren bitartez, parte hartzeaileek migrazio prozesuan izan dituzten zailtasunak azaltzen dituzte”, esan dute. Proiekzioaren ostean, ikasleek zuzendariekin solasaldia izateko aukera izango dute. Barikuan [urriak 24] Musikaia musika eskolak kulturartekotasunagaz lotuta sortu duen abestiaren bideoklipa grabatuko dute Lehen Hezkuntzako ikasle guztiekin. Eguraldi ona eginez gero udaletxe aurrean, eta bestela frontoian.
Zapatuko [urriak 25] ekintzak gazteentzako baino nagusiagoentzako antolatu dituzte. Euskara eta munduko hizkuntza gutxituak izeneko hitzaldia eskainiko dute Boliviako eta Argentinako bi guarani hizkuntzako bi hiztun, 11:00etatik aurrera, Azkue aretoan. “Hizkuntza zapalduak diren heinean, beraien egoera azalduko dute eta gure euskaragaz konparazioak egin ahal izango ditugu”, azaldu dute. Jarraian, 12:15ean, toki berean, Kulturartekotasun asteagaz amaitzeko, Odei Arregi ipuin kontalariak Kamaleoiaren azala liburuaren kontaketa osatuko du.
Lekeitioko Udaletik nabarmendu dute iaz hasi zirela egitasmoa lantzen. Alde horretatik, guraso bilerak bideratu zituzten, beti argi izan dutelako: “Euskara ez da oztopo bat integrazioari begira, aukera bat baizik. Batez ere besteentzat interesgarriak izan daitezkeen praktika onak ezagutarazi eta egoera zehatzen aurrean gainerakoek zer-nolako erabakiak hartu dituzten partekatu nahi da, elkarren berri izateaz eta eragileak saretzeaz gain”.
Itzulpen sistema bat sortu zuten hezkuntza zentroetan eta aste honetako ekimenak “hurrengo pauso bat” izan direla diote. Alde horretatik, azpimarratu dute eragile guztiek hasieratik erakutsitako “lan egiteko gogoak eta aldez aurretiko jarrera” eta “oso positibotzat” jo dute orain arte osatuko bidea.
Uematik ondo dakite urtez urte herriak handitzen doazela eta horrek hizkuntzarengan “eragin nabarmena” duela, “datozen guztiek ez baitakite euskaraz”. Hori ikusita, bizitzera datozenek bertako hizkuntza ikasteak nolako garrantzia duen ohartzea “ezinbestekoa” dela uste dute. “Herrietako biztanle kopuruak gora egiten duen heinean, herriko euskararen ezagutza orokorrak behera egiten du. Beraz, berebiziko garrantzia du Uemak herrietara datozen biztanle berriengan eragiteak”.