Auzolana izango dute oinarri XI. Usotegi Egunean
Lekitto Bedarrak elkarteak zapatu goizerako [urriak 25] egitarau bete-betea dauka prest.
Lekitto Bedarra elkartearen elkargune nagusia da Usotegi herritarren ortua. Baina urte guztian zehar ateak zabalik baditu ere, Usotegi Egunean parez pare zabaltzen dituzte. Aurtengoa XI. aldia ospatuko dute zapatu goizean [urriak 25].
Urteroko jaia da, baina elkarteak urte osoan zehar antolatzen ditu askotarako ekimenak. Horietako asko auzolanak dira, eta aurten Usotegi Egunera ekarri nahi izan dute. Hain zuzen ere, Usotegi ortuko hesia berriztatuko dute elkarlanean. “Aurrekoa orain dela 13 urte jarritakoa da, taberna bateko errestoak erabiliez. Oraingoan ere bide beretik joko dugu, bigarren erabilpena bultzatuz eta Letraukuako konpost gunetik lortutakoak erabiliko ditugu”. Nabarmendu dute auzolana dela Lekitto Bedarrako lan sistema nagusia eta horregatik balorean jarri nahi dute bultzatuz eta praktikan jarriz, 09:00etan hasiko dira auzolanagaz eta 12:30era arte lanean egotea aurreikusten dute.
Hala ere, 09:30etik aurrera, Bingen de la Torre Garatea lekeitiarraren produktuak salgai egongo dira: “Kilometro 0ko produktuak dira, sasoikoak eta Ekologikoak, Amorotokoak bertakoak”. 13:00etan Usotegi Eguneko ekintza izarretako bat egingo dute, aitzur jaurtiketa txapelketa. Emakumeek zein gizonek parte hartu dezatekela gogoratu dute. Hori gutxi ez, eta goiz guztian zehar kalabaza erraldoi baten pisua eta piparrez betetako kaxa baten kopurua asmatzeko jolasak egingo ditutze. Musikarik ez da faltako eta bertaratzen direnek orturako aholkuak jaso eta galderak egin eta zalantzak argitzen saiatuko dira.
Usotegi Eguneko helburu nagusietako bat proiektuari “hedapena” ematea da. Ateak irekitzen dituzte, eta ez bakarrik orturako, baita Lekitto Bedarra elkartera batzeko ere. Horregatik elkarteko kideek gogoratu dute taldera batzeko aukera zabalik dutela beti.