Euskara eta sormena lehen lerrora eramango ditu Literatur Amuak jaialdiak
Urriaren 24tik azaroaren 28ra bitartean, Ondarroako hamaika txoko kultur ekintzez jantziko dira. Horrela, herriko sortzaileak zein euskara eta sormena erdigunean jarriko dituzten hainbat ekintza antolatu dituzte.
Argazkian: Biren taldeko Ane eta Nora Agirre, Aitor Urkiola ‘Brontxe’ marrazkilaria eta udal ordezkariak.Ondarroako Udala Herriko sortzaileak zein euskara eta sormena erdigunean jarriko ditu, beste behin, Ondarroako Literatur Amuak jaialdiak. Hala, Ondarroako Udaleko euskara sailak antolatutako ekimenak literatura, antzerkia, filmak, solasaldiak, ibilbide literarioak, umorea, argazkilaritza, bertsoak eta komiki-erakusketa uztartuko ditu, batik bat. Kulturaz jantzitako abaniko zabala herritarrei doan eskaintzeko asmoz, urriaren 24tik azaroaren 28ra bitartean, “disziplina anitzeko jarduerak” herria beteko dute. Aditzera eman dutenez, gainera, ekintza guztietara sartzeko sarrerak ez dira beharrezkoak izango; aforoa bete arte sarrera librea egongo da.
Udal ordezkariek jaialdiak herriarentzat duen garrantzia azpimarratu dute: “Urtean zehar antolatzen diren ekintzen artean berezia da hau guretzat. Maitasun osoz antolatzen dugu, euskara eta kultura indartzeko asmoz, eta normalean, jendeak oso ondo erantzuten du ekintza guztiekiko”. Hala da, hilabete bete ekintza aurreikusi dituztela, “kulturaren aniztasuna sustatzeko” helburupean. Antolatutako egitarauagaz pozik agertu dira, eta “aurreikusitako ekintza guztiek xarma berezia” dutela gaineratu dute.
Horren ildotik, urtero legez, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren sariketa izango da Literatur Amuak jaialdiari hasiera emateaz arduratuko dena, barikuan. Hasteko, aurtengo beka deialdiko irabazlea zein den ezagutzera emango dute udalak eta Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek, oro har; ostean, iazko bekatik sortutako Sakelako bihotzak liburuaren aurkezpena egingo du Julen Apella idazleak, Joxemari Urteagarekin solasean. Nanoipuin lehiaketari aipamen berezia egin diote udaletik, ze, esan dute, lehiaketa burutzen den hamalaugarren aldia dela aurtengoa.
Horrez gain, egitarau zabalaren artean, zapatuan, irakurle klubaren txanda izango dela azaldu dute, Txomin Agirre udal liburutegian, eta domekan, Itoiz, udako sesioak filma eta solasaldia ikusteko aukera egongo da. Domeka arratsaldeak musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartzeko balio izango du herrian, hiru urtetik aurrerako umeentzat, Batetik Bestera ikuskizunagaz.
Erakusketa bi.
Erakusketak ere ez dira gutxiago izango, ze, Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarraren Irudiletrak erakusketak hartuko du Udal Erakusketa Aretoa, lehenengo. Egunero 18:00etatik 20:30era bisitatu ahal izango dela aurreratu dute, eta asteburuetan goizez ere zabalik egongo dela gaineratu dute, 11:00etatik 13:30era. Herriko kulturgileen ekarpena lehenetsi nahi du Literatur Amuak jaialdiak. Horren erakusgarri da, Aitor Urkiola ‘Brontxe’ marrazkilari ondarrutarraren komiki erakusketa ere egongo dela ikusgai azaroaren 28tik abenduaren 8ra bitartean. Kasu horretan, egunero 18:00etatik 21:00etara bitartean bisitatzeko aukera izango da, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.
Tankera horretako beste horrenbeste ekintzez beteko dira Ondarroako hainbat gune. Animatzeko deia zabaldu dute, beregain, Ondarroako Udaleko ordezkariek, antolatutako ekintzetan parte hartzeko, eta herrian kultura bizirik dagoela ikusteko.
EGITARAUA
Urriak 24
Eskola orduetan. Elkarrizketa musikatuak.
18:00. Augustin Zubikarai nobela sariak.
Ondoren. XIV. Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa.
Urriak 25
10:00-12:00. Liburuen Amuak, irakurleentzako hitzordua. Todo modo nobela izango dute hizpide.
Urriak 26
19:00. Itoiz, udako sesioak.
Gero. Solasaldia.
Urriak 30
14:30. Xanduli Manduli, arimen gaueko kontakizunak umeentzat.
18:30. Arpegiko narrua kenduko deutsuet, Beatriz Fernandezen eskutik.
20:30. Sorgina banaiz. Asisko Urmenetaren film bat.
Gero. Solasaldia.
18:00. Irudiletrak erakusketaren irekiera, azaroaren 10era arte.
Urriak 31.
18:30. Arimen gaua. Itzalitako kalabazak argitzeko sasoia, kalerik kale.
Azaroak 1
12:00. Kalian gora Maria behera ibilbide literarioaren aurkezpena.
19:00. Kontzertuak: Biren + Mahl Kobat + Aiza Gandarias Solabarrieta eta Olatz Naberan Gartzia.
Azaroak 2
17:30. Batetik bestera, musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartzen dituen sorkuntza originala.
Azaroak 28
19:00. Bertso saio literarioa, Esne Berriketam kontakizun liburua oinarri.
18:00. Marrazkiak ere irakurtzen direnean erakusketaren irekiera, abenduaren 8ra arte.