Jagoba Arrasatek zuzenduko du Euskal Selekzioa Palestinaren aurka
Bihar [urriak 23] 10:00etan jarriko dituzte salgai azaroaren 15eko San Mameseko lagunartekorako sarrerak.
Jagoba Arrasatek Euskal Selekzioko hautatzaile izaten jarraituko du. Gauzak horrela, berriatuarrak gidatuko du taldea azaroaren 15eko Palestinaren aurkako lagunartekoan, San Mamesen. Sarrerak bihar [urriak 23] jarriko dituzte salgai.
Jarraikortasunaren aldeko “apustu argia” egin du Euskal Selekzioaren kirol zuzendaritzak, Mikel De Gregoriok. Mikel Labaka, Imanol Etxeberriak, Jon Zubillagak, Isusko Ortuzarrek, Asier Urkiak, Iban Urkiza ondarrutarrak eta Xabi Valenciak osatuko dute berriatuarraren lan taldea. Hain zuzen ere, Labaka eta Zubillaga dira berritasunak, talde teknikoa 2024ko martxoko Uruguairen aurkako azken partidagaz alderatuz gero.
Nabarmendu dute guztiek “ibilbide sendoa” egin dutela euskal futbolean, eta “ezagutza sakona” dutela, bai arlo profesionalean, bai arlo gizatiarrean. Izan ere, talde teknikoaren futbol-mailaz haratago, kirol-zuzendaritzak lan taldea osatzen duten pertsona guztien “konpromiso maila handia” nabarmendu du. De Gregorioren arabera, selekzioaren eta euren helburuak topo egiten dute, dene ustez, inplikazioa “ezinbesteko balioa” baita proiektu sendo bat eraikitzeko: “Gure nortasuna errespetatzen du eta kirol arloan anbizio handia erakutsi”.
Gainera, partidaren egunerako, Gure Eskuk, Gu Ere Baik eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak elkartasun martxarako deia egin dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da martxa, 17:30ean, eta San Mamesen amaituko da.