77 lagunek eman dute izena 43. mendizale helduen ibilaldian
Burumendi mendizale elkarteak antolatu du domekarako [urriak 26]. Egunean bertan izena emateko aukera dago.
Mutrikuko Burumendi mendizale elkarteak dauka aurten ardura mendizale helduen ibilaldia antolatzeko. Euskal Mendizale Federazioaren 43. ibilaldia da eta Gipuzkoako 30. ekitaldia. Domekan [urriak 26], 08:30ean aterako dira, Txukurra plazatik. 15 kilometroko eta 477 metroko desnibeleko ibilbidea osatuko dute, besteak beste, Apain edo Urkamendi igoko dituzte. Urriaren 21eko epe mugara arte 77 lagunek eman zuten izena. Hala ere, egunean bertan izen emateko aukera emango dute 10 euroren truke, berdin dio federatua izan edo ez.