Zapatuan lehiatuko dute 22. Mutrikuko Herri Krosa
Izen ematea zabalik egongo da lasterketa hasi baino 30 minutu lehenagora arte.
Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean zapaturako [urriak 25] antolatu dute herriko 22. Herri Krosa. Ohi bezala, adin guztientzako ibilbideak prestatu dituzte, lasterketa zabala baita mutrikukoa.
Txikienek 10:00etan emango diote hasiera, lehen hezkuntzako umeek 1,2 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Antolatzaileek gogoratu dute doako proba dela, baina derrigorrezkoa dela izena ematea eskola kirolaren bidez. 11:00etan hasiko dira 12 eta 16 urte bitarteko gazteak, 4 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.
Hain zuzen ere, ordu berean hasiko da nagusien lasterketa nagusia. Parte hartzaileek errepidetik egingo dute Debarainoko bidea, eta buelta, bidegorritik. Izen ematea zabalik mantenduko dute proba hasi baino 30 minutu lehenagora arte. Hori bai, egunean bertan 15 euro izan ezik, 18 euroko prezioa izango du izen emateak. Dortsalak udaletxean jaso beharko dituzte zapatuan 09:30etik 10:45era.
Sariei dagokionez, maila desberdinetan banatuko dituzte, emakumezkoentzako zein gizonezkoentzako, baita herritarrentzako ere. Era berean, parte hartzaile guztiek saria jasoko dutela aurreratu dute. Horrez gain, kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute korrikalariek.